Gipuzkoan 101 positibo izan dira azken orduetan

%4,1ekoa izan zen positibotasun tasa atzo Hego Euskal Herrian. Herenegungoak baino apur bat hobeak dira atzoko datuak, eta ospitaleetako ZIUetako okupazioak ere behera egin du.

Osakidetzak eta Osasunbideak plazaratu berri dituzten datuen arabera, denera 10.474 proba diagnostiko egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta horietatik 430ek eman zuten positibo. Alegia, %4,1ek. Atzo atzemandako kasuetatik 221 Bizkaian izan ziren, 101 Gipuzkoan, 60 Nafarroan eta 36 Araban. Hego Euskal Herritik kanpo bizi diren hamabi lagunek ere eman zuten positibo. Herenegun baino 37 positibo gutxiago zenbatu zituzten atzokoan Hego Euskal Herrian, eta positibotasun tasak ere behera egin du apur bat. 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetako egoerari dagokionez,  COVID-19aren ondorioz 43 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren mendeko erietxeetan, herenegun bezalatsu (44 izan ziren orduan), eta gaixotasuna duten 125 pertsona ZIUn daude (herenegun baino bost pertsona gutxiago).