Zabalik dago musika eta dantza eskolako matrikulazioa, hilaren 27ra arte

Hainbat eskuorri bidali dituzte Zumaiako etxebizitzetara, eta iragarki-bideo bat ere sortu dute musika eta dantza eskolakoek. Irailaren 13an ekingo diote hurrengo ikasturteari.

Astelehenean ireki zuten musika eta dantza eskolako matrikulazio epea, eta maiatzaren 27ra arte egongo da zabalik. Izen-ematea egiteko, nahikoa da izen-emate orria bete, eta Ubillos jauregira eramatea edo posta elektroniko bidez bidaltzea (musikaeskola@zumaia.eus).

Behar dutenek astelehenetik ostiralera jo dezakete musika eta dantza eskolara (Ubillos jauregia). Astelehenetan eta ostiraletan 11:00etatik 13:00etara egoten da irekita; astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan, aldiz, 17:30etik 19:30era.

Matrikulazioaren inguruko informazio guztia helarazi da jada Zumaiako etxebizitzetara, eskuorri modura. Musika eta dantza eskolakoek gogorarazi dute, beraz, taldeka zein banaka egiteko ikastaroak eskaintzen dituztela, haurrek musika, dantza nahiz antzerkia landu ditzaten. Irailaren 13an hasiko da hurrengo ikasturtea.

Iragarki-spot bat argitaratu dute matrikulazio kanpainaren harira, eta herriko hainbat ikasle ikus daitezke han.

  • Ikusi hemen 2021-2022 ikasturteko eskaintza eta izen-emate orria
Erlazionatuak

Musika eta dantza eskolako matrikulazio epea irekiko dute astelehenean

Kultura

Eskolan "prestakuntza praktikoa" eskaintzen dute "antzerkiaren, dantzaren eta musikaren arloetan". Matrikulazioa egiteko, izen-emate orria bete eta...