Intzidentzia tasak eta kasu positiboek jaisten jarraitzen dute

Zumaian kasu bakarra baieztatu dute, eta intzidentzia tasa apaltzen ari bada ere, eremu gorrian jarraitzen du herriak. Hego Euskal Herrian %3tik beherakoa da positibotasun tasa, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera.

Osasun Sailak kaleratu du azken orduetan egin diren PCR eta antigeno proben emaitzen berri dakarren txostena. Zumaian kasu positibo bakarra atzeman dute, eta 437,57an dago 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa. Apurka bada ere, oro har, apaltzera egin dute positiboen kopuruak eta intzidentzia tasak. Dena den, eremu gorrian jarraitzen du Zumaiak.

Eskualdeko herrietan egindako probetan, guztira, hamahiru kasu positibo zenbatu zituzten atzo. Azkenaldiko datuak baikorrak izaten ari badira ere, Zumaiarekin batera, bada 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean eremu gorrian jarraitzen duen beste bat: Azkoitia. Lau kasu hauteman zituzten han atzo, eta intzidentzia tasa 550,78koa da.

Zarautzen, berriz, 355,51koa da tasa gaur egun, eta bi kasu baieztatu zituzten atzo egindako probetan. Ostiraletik astelehenerako datuekin, nabarmen egin du behera tasak, ia 100 puntu jaitsi baita herri horretan. Lau kasuren berri izan zuten atzo, bestalde, Azpeitian, eta 282,52ko tasa dute. 

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Zestoan eta Orion ez dute kasu berririk baieztatu azken orduetan. Aian 403,02 da tasa, Aizarnazabalen 260,08, Zestoan 333,85 eta Orion 228,31. Beizamak, aldiz, hutsean jarraitzen du. Errezilen eta Getarian kasu bana zenbatu dute; intzidentzia tasak 1.127,21 eta 106,01 dira, hurrenez hurren. 

Positibotasun tasa %3tik behera

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, lau lurraldeetan nabarmen behera egin dute kasu positiboek. Positibotasun tasa % 2,9koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta % 2,4koa Nafarroan. 

Guztira, 11.906 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurralde horietan, eta 320 kasu zenbatu dituzte: 23 Araban, 157 Bizkaian, 91 Gipuzkoan eta 49 Nafarroan. 

Erietxeetako egoerak ere hobera egin du azken orduetan. Guztira, 389 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan, horietatik 133 ZIUetan. Atzo, astelehena, 43 pertsona ospitaleratu zituzten. Nafarroan, berriz, 107 pertsona daude ospitaleratuta, 20 ZIUetan.