Hondarribiaren aurka ere irabazi du Zumaiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 18a, 14:30

Aurreko igandean izan zen zesta-punta txapelketako bigarren jardunaldia, eta berriro nagusitu ziren zumaiarrak. Mutrikurekin neurtuko dituzte indarrak datorren asteburuan.

Aurrera doa Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eta hirugarren jardunaldiari heltzear dira zesta-punta txapelketakoak. Joan den asteburuan izan da bigarren jardunaldia, eta etxean jokatu zuen berriz Zumaiak, igandean. Hondarribiaren aurka aritu zen, eta aurreneko jardunaldian egin bezala, hiru partidetan gailendu zen.

Arratsaldeko 17:00etan hasi ziren norgehiagokak Aitzurin. Oraingoan, ondorengo hiru bikoteek osatu zuten Zumaiaren ordezkaritza: Watkins eta Agirre, Egaña eta Odriozola, eta Agirre eta Enbil. Hona hemen emaitza guztiak:

  • Zumaia-K (Watkins-Agirre) 30 - 14 Hondarribia-K (Zamora-Amboage)
  • Zumaia-J (Egaña-Odriozola) 30 - 16 Hondarribia-J (Goikoetxea-Lekuona)
  • Zumaia-N (Agirre-Enbil) 30 - 14 Hondarribia-N (Basterra-Ageda)

Zesta-punta txapelketako lehenengo jardunaldian ere hiru partidak irabazi zituen Zumaiak, Donostiaren aurka. Ostiral honetan, maiatzaren 21ean, jokatuko dute hirugarren jardunaldia. Miruaitzen neurtuko dituzte indarrak Zumaiak eta Mutrikuk, eta parez pare jardungo dute Hondarribiak eta Donostiak ere.