Lehiaketa Sozialeko sariak banatu ditu Distira Argazki Elkarteak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 16a, 13:13

Zortzi hilabetez izan da martxan Distiraren aurreneko Lehiaketa Soziala, eta gaur egin dute sari banaketa ekitaldia. Argazkilariek gai bana landu dute hilabete bakoitzean; besteak beste, "denbora", "erretratua", "eskua/eskuak" nahiz "zuhaitza/zuhaitzak".

Distira Zumaiako Argazki Elkarteak iazko urrian abiatu zuen Lehiaketa Soziala aurrenekoz. Hilabete bakoitzerako gai bat proposatu dute elkarteko kideek, eta azaldu dutenez, batez beste hamabi lagunek hartu dute parte hil bakoitzean. 30 kide inguru biltzen ditu Distirak gaur egun.

Hiru lanik onenak aukeratu dituzte hilabete bakoitzean, eta gaur goizean jaso dituzte sariak hil bakoitzeko irabazle nagusiek; edariz osatutako opari bana eman diete egileei, baita haiek egindako argazki sarituen erreplika bana ere. Forondan izan da ekitaldia, lagun artean, eta sariak banatzeaz gain, lehiaketara aurkeztu diren argazki guztiak jasotzen dituen bideo bat ikusi dute Distirako kideek.

Hilabete bakoitzeko irabazleei aitortza egiteaz gain, gaur jakinarazi dute zein diren urte osoko hiru sari nagusien irabazleak.

Hona hemen gaurkoan sarituak izan diren kide guztiak:

Urria. Gaia: librea, zuri-beltzean

  • Lehenengo saria: David de Llodio

Azaroa. Gaia: zuhaitza/zuhaitzak

  • Lehenengo saria: Sonia Alvarez

Abendua. Gaia: eskua/eskuak

  • Lehenengo saria: Soraya Lopez

Urtarrila. Gaia: gaueko argazkia

  • Lehenengo saria: Jose Luis Garcia

Otsaila. Gaia: erretratua

  • Lehenengo saria: David de Llodio

Martxoa. Gaia: denbora

  • Lehenengo saria: Soraya Lopez

Apirila. Gaia: esposizio luzea

  • Lehenengo sariak: Jose Luis Garcia eta David de Llodio

Maiatza. Gaia: librea, koloretan

  • Lehengo saria: David de Llodio

Urteko sari nagusiak

  • Lehenengo saria: Soraya Lopez (erdian)
  • Bigarren saria: Ivan Rodriguez (ezkerrean)
  • Hirugarren saria: Leire Zearreta (eskuinean)

Hemen daude ikusgai lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak, eta hilabete bakoitzeko hiru lanik onenak