Zumaian idatziko du eleberri bat Fito Rodriguezek, Geuretik Sortuak dinamikaren barruan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 13a, 11:00
Geuretik Sortuak dinamikaren aurkezpena iazko abenduan, Durangon. (Udalbiltza)

Geuretik Sortuak kultur proiektuan parte hartuko du Zumaiak. Fito Rodriguez idazlea, beraz, hiru hilabetez egongo da herrian nobela bat sortzen. Maite Aizpurua aktore zumaiarra ere batu da dinamikara; Bidaide izeneko antzezlana sortuko du Nafarroan, Metrokoadroka kolektiboarekin.

Euskaraz sortutako artea hedatzea eta sustatzea da Geuretik Sortuak kultur proiektuaren helburua, Udalbiltzaren esanetan. Artearen hiru alor barne hartu dituzte dinamikan —antzerkigintza, literatura eta zinemagintza—, eta 26 sortzaile, norbanako nahiz kolektibo, hautatu dituzte proiektura batzeko. 26 dira, bestalde, ekimenean parte hartuko duten Euskal Herriko udalerriak ere. Egonaldi bidez lotuko dira sortzaile eta udalerriak; izan ere, 26 herri horietan egonaldiak egingo dituzte artista horiek guztiek, guztira, idatzizko hamasei lan, bost antzezlan eta bost film labur sortzeko.

Zumaia izango da Geuretik Sortuak proiektuaren geralekuetako bat. Hain zuzen, ekainetik irailera bitartean egongo da Zumaian Fito Rodriguez idazle gasteiztarra, eleberri bat idazten. Aurreratu dutenez, urte luzez Euskal Herritik kanpo egon ostean sorterrira itzuli den gizon baten istorioa kontatuko du Rodriguezek; "ez du bere garaian utzitako tokia aurkituko", azaldu dute protagonistaren inguruan. Zumaian idatzitako narrazioa izateaz gain, Zumaian kokatutako istorio bat jasoko du.

Txalaparta argitaletxeak aurten eman du argitara Rodriguezek idatzitako liburu bat, KUOI. Irene Irureta zumaiarrak eta Karmele Gorroñok osatutako Irrimarra bikote sortzaileak egin ditu lan horretako ilustrazioak.

Bestalde, Geuretik Sortuak dinamikan hartuko du parte Maite Aizpurua aktore zumaiarrak ere. Antzerkigintzan jardungo du hark, Metrokoadroka Sormen Laborategia kolektiboaren eskutik. Hain zuzen, Atarrabian eta Uharten izango da haien egonaldia, eta Bidaide izeneko antzezlan ibiltaria sortuko dute. "Herrietako kulturgile anonimoak" izango ditu hizpide sorkuntza prozesu horren emaitza izango den antzezlanak.

Egonaldi guztiak amaitzean, sortutako lanak erakusteko zirkuitu bat osatuko dute Euskal Herrian, eta horren barruan ere egongo da Zumaia.