"Urte arraro hau sentsazio onarekin amaitu nahi genuke"

Maria Maya Manterola 2021ko mai. 14a, 09:00
Jone LarraƱaga. (Utzitakoa)

“Denboraldi gorabeheratsua” izan arren, indartsu dago Pulpoko emakumezkoen senior taldea. Gipuzkoako Ligatik Euskal Ligara igarotzeko igoera fasea jokatuko du datozen hiru asteburuetan, Urnietaren, Ereintzaren eta Eibarren aurka.

Hilabete da taldeak denboraldiko azken partida jokatu zuela. Jone Larrañaga hegaleko jokalariak aitortu du “hotz” harrapatu dituela igoera faseak, baina ari direla berriz ere martxa hartzen: “Berriz ere entrenatzen ari gara, eta motibatzea lortu dugu. Taldean giro ona daukagu, eta horrek laguntzen du elkar animatzen”. “Gogotsu” dago taldea datozen hiru partidetarako.

Datozen hiru partidak irabaztea zaila izango dela jakitun da Larrañaga. Asteburu honetan Ereintzaren aurka jokatuko dute Errenterian; datorrenean, Eibarren aurka; eta hemendik bi astera, Urnieta izango dute aurkari. Gipuzkoako Liga bi ligaxkatan banatu dute aurten, COVID-19a dela eta. Igoera fasean bi ligaxka horietako lehenengo biak sailkatu dira. Denboraldian Eibarren aurka jokatu dute Pulpokoek, eta Larrañagaren arabera, hori izango da “partida zailena”. Urnietaren eta Ereintzaren aurkako norgehiagokak, berriz, “irabazteko modukoak” izan daitezkeela uste du hegaleko jokalariak, “errazak izan ez arren”.

Taldea egonkortzen

Hasiera batean ez zekiten zer maila izango zuten gainontzeko taldeek, eta “pixka bat galduta” zegoen taldea, Larrañagaren hitzetan. Izan ere, duela bi urte osatu zuten taldea. Lehenago eskubaloian ibilitako jendea hasi zen berriz ere, eta baita jubenil batzuk ere. “Ezagutzen ginen. Denak gara zumaiarrak, bat izan ezik. Oñatiarra da bera, eta urteak daramatza Zumaian jokatzen. Gehienekin partida batzuk jokatuta neuzkan lehendik”, dio Larrañagak.

Bestalde, jokalariak azaldu du “nahiko lan” izan dutela aurten guztiak elkartzen: “Urtero izaten dira lesioak, ikasketak eta lana. Aurten, COVID-19a gehitu behar zaie gauza horiei. Nahiko lan izan dugu elkartzeko eta entrenatzeko”. Pandemiaren hedapena saihesteko neurriek ere eragin nabarmena izan du taldean, izan ere, partidak eta entrenamenduak etenda egon dira herria eremu gorrian egon den unetan. “Denbora dezente egon gara jokatu gabe”, esan du Pulpoko jokalariak.

Kantxatik kanpo ere nabaritu dute pandemiaren eragina. Talde giroa aldageletan, taldekideekin egindako planetan edota kantxatik kanpoko gainontzeko espaziotan sortzen dela iritzi dio Larrañagak, eta horren falta sumatu dutela azaldu du.

Nolanahi ere, denboraldiak aurrera egin ahala, igoera fasean egoteko esperantza piztu zitzaien: “Geure taldea lau horien artean ikusten genuen”. Partidak irabazten joan dira, eta lortu dute mailari eustea. Orain, igoera faserako gogoz dago taldea. “Behin honaino iritsita, ea lortzen dugun igoera. Hala ez bada, gutxienez, urte arraro hau sentsazio onarekin amaitzea poztekoa litzateke”.