700etik jaitsi da intzidentzia tasa Zumaian

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 12a, 13:21

Bi positibo baieztatu zituzten atzo Zumaian, herenegun bezainbeste. Hego Euskal Herrian herenegun adina positibo zenbatu zituzten atzo eta ospitaleetako egoerak ere berdintsu jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaerari buruzko eguerdiroko txostena, eta horren arabera, atzo bi kasu positibo atzeman zituzten Zumaian, bezperan bezainbeste. 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak behera egiten jarraitzen du, eta 700etik jaitsi da azkeneko datuekin. 753,03an zegoen intzidentzia tasa atzo, baina 681,80an dago une honetan.

Urola Kostako herrietan guztira hamabost positibo berri hauteman zituzten atzo. Herenegun baino positibo bat gehiago izan arren, azken egunotako joerari eutsi die intzidentzia tasek: herri gehienetan jaitsi egin da tasa, eta jaitsi ez denetan, mantendu. 

Zumaiako bi kasuez gain, hamabost positibo horietatik sei Zarautzen atzeman zituzten, lau Azkoitian, bi Zestoan eta bat baieztatu zuten Azpeitian. Hala ere, herri horietan guztietan behera egin du positibo metatuen kopuruak: Azkoitian 805,13tik 759,41era jaitsi da, Azpeitian 361,37tik 354,80ra, eta Zarautzen 663,90etik 586,80ra. Zestoan, aldiz, 487,93an mantendu da atzotik.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Orion ez zuten kasu berririk baieztatu atzo, eta herri horietako intzidentzia tasak ere jaitsi edo mantendu egin dira.

Hego Euskal Herrian, gorabeherarik ez

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo, orotara, 10.318 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal herrian, eta horietatik 543k eman zuten positibo; %5,2k hain zuzen. Herenegun 536 izan ziren.

Lurraldeka, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien: 298. Gipuzkoan 149 izan ziren, Nafarroan 64 eta Araban 29. Beste hiru Hego Euskal Herritik kanpoko herritarrak ziren.

Ospitaleetako egoerari dagokionean, berriz, aldaketa nabarmenik ez. Osakidetzaren mendeko erietxeetan 69 lagun ospitaleratu zituzten atzo, bezperan baino bat gutxiago, eta gaur-gaurkoz, COVID-19ak jotako 508 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan; atzo baino bederatzi gutxiago. Horietatik 159 Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) daude.