Pepe Cuencarekin aldi bereko xake partidak jokatzeko aukera izango da ekainaren 12an eta 13an

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 12a, 15:00
Kabi xake taldeko hainbat kide, kalean.

Kbi xake taldeak gonbidatu du xakelari andaluziarra, eta bi egunetan banatuta, partaide guztien aurka arituko da. 50 pertsonak eman dute izena jada.

Jose Fernando Pepe Cuenca Zumaian izango da ekainaren 12an eta 13an. Kbi xake taldeak gonbidatuta, xakelari eta xake dibulgatzaile andaluziarraren aurka aritzeko aukera egongo da herrian, aldi bereko partidak jokatuko baititu izena ematen dutenekin. "Xakea ikusgarri egitea" bilatzen dute Kbiko kideek eta, horregatik, "ikuskizun handi" modura ere irudikatu nahi dute ekimena. Adierazi dute, gainera, Cuenca "gogoz" dagoela Zumaiara etortzeko, eta "ilusioa" erakutsi zuela harekin harremanetan jarri zirenean.

Zumaiako xake taldeak azaldu duenez, asmoa da Beheko Plazan jardun ahal izatea jokoan, bi egunetan 11:00etan hasita. U forman jarriko dituzte partida bakoitzerako mahaiak, eta batetik bestera mugituko da Cuenca, txandaka, egokitzen zaizkion mugimenduak egiteko taula bakoitzean.

Kbik ohartarazi du, dena den, mugatuak izango direla plazak. 50 lagunek eman dute izena dagoeneko, eta bi multzotan banatuko dituzte partaide guztiak. Gutxi gorabehera erdiak ekainaren 12an jolastuko du Cuencaren aurka, eta beste erdiak, aldiz, 13an.

Aurrez eman beharko da izena, 630 937 041 telefono zenbakira deituta, edo zumaiakoxaketaldea@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidalita. Helduek 15 euroko prezioa ordaindu beharko dute izena ematean, baina 3 euroan egin dezakete inskripzioa 14 urtetik beherakoek. Kbik jakinarazi du, gainera, Chess24 atarian Premium bazkidetza oparituko dietela parte hartzaile guztiei.

Laster emango ditu xehetasunak Kbi xake taldeak.