Zumaian ere mugak gainditu ditu elkartasunak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 11a, 21:41

Kolonbian "kolore gorria nagusitzen" den honetan, Zumaiako kaleak hartu dituzte elkartasun mezuek; elkartasuna, hain zuzen, "Kolonbiako langileriarekin" eta han protestak leherrarazi dituzten aldarriekin. "Kolonbiarren etorkizunak dituen problematikak sakonean ukituko" dituzten "irtenbide praktiko, erreal eta eraginkorrak" galdegin dituzte mobilizazio amaieran.

Kolonbian apiril amaieran lehertu ziren protestak. Ivan Duqueren gobernuak ezarri nahi zuen zerga erreforma izan zen protesten abiapuntua, baina harago doazen aldarrikapenek ere hartu dute kalea gerora: lan, pentsio eta osasun erreformen aurkako exijentziak eta, orokorrean, bizi-baldintzen defentsa izan dituzte ahotan ehunka milaka pertsonak azken egunetan. Estatuaren erantzuna gogorra izan da, ordea: gaurko manifestazioan xehatu dutenez, "gaur kolore gorria nagusitzen da gure herrialdean, eta nazioarte mailan oihartzuna dute hamabi borroka egunek utzitako 45 heriotza baino gehiagok eta 980 desagerpenek".

Beheko Plazatik hasi da gaurko mobilizazioa, 19:00etan, Kolonbiako langileriarekin elkartasun internazionalista lelopean. Herriko kaleak zeharkatu ostean itzuli dira plazara manifestariak, eta minutuko isilunea egin eta gero, hainbat adierazpen egin dituzte Zumaian bizi diren kolonbiarrek. "1948tik bizi dugun krisi politiko eta sozial okerrenera garamatzate gaur", esan dute. Dena den, "50 urte baino gehiagoko barne gatazkari" ere egin diote erreferentzia: "Borroka egin dugu gure herrialdea diktadura bat bihurtu ez dadin, zeinetan indar publikoaren gehiegizko erabilerak [...] giza eskubideak urratu dituen eta ez den ezer gertatzen".

Argitu nahi izan dute, bestalde, gaur egun Kolonbian gertatzen ari dena ezin dela "ekintza bandaliko soil" modura "laburtu", "kanal lokalek ikusarazi nahi duten gisan". Horren kontrara, gertatzen ari dena "nekatuta" eta "suminduta" dagoen "herri baten ondorioa" dela azaldu dute, azpimarratuta "ustelkeriaren eta indarkeria sistematizatuaren bidez egunero herrialdea odolusten ari diren buruzagien aliantza zital eta koldarrak eraistea" dela haren asmoa, "daukan azkenengo hasperenarekin".

Zerga erreformatik harago

Gobernuaren zerga erreforma proposamena "edalontzia erabat isuri zuen tanta baino ez" zela izan adierazi dute gaurko manifestazioan. Gaur egungo "leherketa soziala", hortaz, "zapalkuntzaren emaitza" dela nabarmendu dute; hain zuzen, "aukera faltarena, zentsurarena, eskubide konstituzionalen urraketarena, nahiz Estatuaren falta materialarena". Ohartarazi dute biztanleen %42 daudela "pobrezia egoeran", eta %15,1 "muturreko pobrezia egoeran".

Loturak

"Hemen helburua da guk, kanpoan gauden kolonbiar gisa, egoera geureganatzea", hausnartu dute mobilizazio amaieran. "Kolonbian dauden senide eta lagunen" aldarrikapenek "mugak gainditzearen" garrantzia azpimarratu dute, "nazioarteko organismoetara hel daitezen, laguntza oihu modura".

"Ezin ditugu ahaztu etorkizuneko belaunaldiengatik borrokan ari direnak. Ezin dugu gure jendea hiltzen ikusten jarraitu", gaineratu dute. Hala, beharrezkotzat jo dute "Estatuak esku hartzea", "alderdi politikoek une hau gidatzeko daukaten erantzukizuna euren gain hartzea" eta "gremioek zubi lana egitea, gobernuak behin betiko baztertu ditzan haren delirio totalitarioak".

Kolonbian bizi den "krisi sozial eta humanitarioaren" aurrean, beraz, "irtenbide praktiko, erreal eta eraginkorrak" galdegin dituzte, erreferentzia eginda "azalekoak izan gabe", "kolonbiarren etorkizunak dituen problematikak sakonean ukitzen dituen" irtenbideei. Esker hitz eta txalo artean bukatu da berbaldia Beheko Plazan.