Bihar egingo dute 'Praktikatzearen plazera eta ikustearen plazera' solasaldia Aita Marin

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 11a, 16:30

Arantza Iglesias, Garazi Etxaburu eta Jaiotz Osa dantzariek hartuko dute parte mahai-inguruan. Aurrez hartu behar dira solasaldia entzun ahal izateko gonbidapen txartelak.

Aurten ere egitarau zabala antolatu du Astindu dantza elkarteak Maiatza Dantzan ekimenaren barruan. Maiatzaren 1ean Astindu Eguna ospatu eta joan den larunbatean Momentuak flamenko ikuskizunaz gozatu ostean, aurrera doa egitaraua. Bihar, maiatzaren 12an, mahai-inguru bat izango da Aita Mari aretoan: Praktikatzearen plazera eta ikustearen plazera.

Hiru dantzarik hartuko dute parte solasaldian; hain zuzen, Arantza Iglesiasek, Garazi Etxaburuk eta Jaiotz Osak. 19:00etan hasiko da saioa, Jon Bagüesek gidatuta.

Astinduko kideek azaldu zutenez, doakoa izango da sarrera, baina beharrezkoa da aurrez eskuratzea gonbidapen txartela. Zumaiako Turismo Bulegoan eska daitezke.

Mahai-ingurua eta gero ere jarraituko du Maiatza Dantzan egitasmoaren aurtengo edizioak. Igande honetan izango da hurrengo hitzordua, dantza garaikide tailerra eskainiko baitute Torreberri gaztetxean, 11:00etatik aurrera.