Europako hiru txapelketetarako txartela eskuratu du Irati Osak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 10a, 12:03
(Itxas-Gain)

Esprintean, distantzia laburrean eta distantzia luzean jardungo du Itxas Gaineko piraguistak. Moskun jokatuko dituzte Europako txapelketak, uztailean.

Hirutik hiru. Horixe da Irati Osak Espainiako Maratoi Txapelketan lortutako marka. Izan ere, Europa mailan jokatzen diren hiru piraguismo txapelketetarako sailkatzea lortu du Pontevedran (Galizia): esprinterako, distantzia laburrerako eta distantzia luzerako.

Ostiralean ekin zioten Europarako txartela eskuratzeko lehiari Pontevedran. Distantzia laburreko lehiaketarako sailkatzea egon zen jokoan, eta emakumezkoen K1 kategorian bigarren eginda, Europan aritu ahal izateko postu bat lortu zuen Osak. Larunbatean ere izan zen albiste onik Itxas Gain taldeko piraguistarentzat, ordea: distantzia luzeko txapelketan bigarren sailkatu zen emakumezkoen K1 kategorian, eta modalitate horretan ere Europan jokatzeko txartela irabazi zuen.

Igandean Club Piraguismo Cuenca taldeko Arantza Toledorekin aritu zen besoz beso, esprintean (K2). Toledorekin batera berriz ere bigarren postua erdietsita, Itxas Gaineko kideak beste leku bat lortu zuen Europan; hirugarrena asteburu berdinean.

Itxas Gain, gogor lehian

Osak aurreneko urtea du senior mailan, eta Europa mailako norgehiagokan murgilduko da datorren uztailean, Moskun. Azaldu duenez, "oso gustura" dago lortutako emaitzekin, eta "eguneroko lan onaren fruitu" direlakoan dago. Itxas Gain taldeak ere nabarmendu du "albiste onak" direla azken asteburuak utzitakoak, "Zumaiako kluba hain gora eraman" duelako Osak.

Itxas Gaineko Xabier Osa eta Martin Egaña ere izan dira Pontevedran Espainiako Txapelketan. Osak bigarren egin zuen beteranoen mailan; Egañak, aldiz, gizonezko seniorren K1 mailan hartu zuen parte, baina 30 kilometroko ibilbidea amaitu aurretik erori zen uretara, eta lasterketa utzi behar izan zuen azken kilometroetan.