Maratoi laburreko Europako txapelketan parte hartuko du Irati Osak

Maria Maya Manterola 2021ko mai. 8a, 10:45

Uztailaren 10 eta 11n Moskun (Errusia) jokatuko den txapelketarako sailkapena eskuratu zuen atzo Itxas Gain taldeko piraguistak. 

Irati Osa piraguista zumaiarrak maratoi laburreko Europako txapelketa jokatzeko txartela eskuratu zuen atzo, ostirala, Pontevedran (Galizia). 3.600 metroko distantzian, Europako txapelketarako txartela eman die lau probetako bakoitzean lehen bi sailkatuei. Irati Osak bigarren postua erdietsi zuen emakumezkoen K1 kategorian, Durius Kayak Zamora taldeko Eva Barriosen ondoren helmugaratuta. Hemen ikus daitezke atzo jokatutako lasterketako emaitzak.

Iñigo Peña, Hungarian

Olinpiar Jokoetan izango da aurten Iñigo Peña, Francisco Cubelosekin batera. Jokoak hasi aurretik, ordea, beste lehiaketa batzuetan ere parte hartuko du zumaiarrak. Szegeden (Hungaria) maiatzaren 12tik 16ra jokatuko diren Munduko Abiadura Kopan eta Europako aurreolinpikoan izango da, esaterako. BALEIKEk egindako elkarrizketa batean Peñak aitortu zuen proba horietan parte hartzen ari direla lehiako erritmoari eusteko.