Astebetean 32 koronabirus kasu baieztatu dituzte Zumaian, aurreko astean zenbatutakoen ia erdia

Anartz Izagirre 2021ko mai. 7a, 13:21

Zortzi positibo zenbatu zituzten atzo. Hala eta guztiz, behera egin du nabarmen aste honetan baieztatutako positiboen kopuruak. Intzidentzia tasak, beraz, jaitsiera arina izan du; 956,55ekoa da gaur.

Osasun Sailak argitaratu ditu atzo zenbatutako PCR eta antigeno proben emaitzak. Zumaian, zortzi kasu positibo baieztatu zituzten, herenegun zenbatutakoen bikoitza. Une honetan Zumaia da 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrietatik intzidentzia tasarik altuena duen herria. Hala eta guztiz, aipatzekoa da azken astean beheranzko joera izan duela kasu positiboen kopuruak: 32 zenbatu dituzte aste honetan, eta 62 izan ziren aurreko astean zehar. 

100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak, beraz, behera egin du azken egunotan, apurka bada ere. Intzidentzia tasa 956,55ekoa da gaur, eta 1.302,53koa zen duela astebete.

Urola Kosta eskualdean, guztira, 34 izan dira hautemandako kasu positiboak. Azkoitian zenbatu zituzten kasu gehien, hamar, hain zuzen; halere, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak ez du gora egin herri horretan, eta 909,62koa da gaur-gaurkoz, atzoko bera.

Zarautzen, ostera, hobera egiten ari da egoera, sei kasu berri zenbatu zituzten atzo, eta intzidentzia tasa 843,79raino jaitsi da. Bestalde, Azpeitian lau kasu berri hauteman zituzten, eta gero eta gertuago dute eremu laranja, gaur-gaurkoz 446,78koa baita hango tasa.

Eskualdeko gainontzeko herriei erreparatuta, Aian hiru kasu berri hauteman zituzten, baina intzidentzia tasak behera egin du —957,18koa da tasa—. Getarian, Orion eta Zestoan, berriz, kasu bana zenbatu zuten atzo. Getarian eta Orion behera egin du tasak —424,03ko eta 489,24ko tasak dituzte, hurrenez hurren—; Zestoan, berriz, zertxobait igo da, 539,29raino. Bestalde, Aizarnazabalen, Errezilen eta Beizaman ez zuten kasu berririk hauteman, baina Aizarnazabalgo eta Errezilgo intzidentzia tasak eskualdeko altuenak dira oraindik —1.170,35ekoa eta 1.127,21ekoa, hurrenez hurren—.

Hego Euskal Herrian, 745 kasu

Hego Euskal Herrian egoerak hobera egiten jarraitzen badu ere, larria izaten jarraitzen du. Atzo, guztira, 11.333 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 745 pertsonak eman zuten positibo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %6,6koa da positibotasun tasa, eta %6,3koa Nafarroan. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien (321), eta, ondoren, Gipuzkoan (222), Nafarroan (126) eta Araban (70).

Hala eta guztiz, ospitaleetako egoerak nabarmen egin du hobera. Osakidetzaren arabera, gaur-gaurkoz 400 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, eta 173 pertsona daude ZIUetan, atzo baino hamar gutxiago. Osasunbideak azaldu duenez, berriz, 168 dira Nafarroan COVID-19agatik ospitaleratuta dauden pertsonak, eta horietatik 29 daude ZIUetan.