Eskura dute igoera fasea Zumaiako taldeko neskek, baina garaipena behar dute asteburuan

Julene Frantzesena 2021ko mai. 6a, 11:00
(Zumaiako Futbol Taldea)

Larunbatean Azpeitian jokoan izango diren hiru puntuak preziatuak izango dira, partida irabazten duenak Euskal Ligarako igoera fasean aritzeko txartela lortuko baitu. Dena den, Zumaiakok garaipena lortu behar du derrigorrez, Lagun Onakek aski baitu berdinketarekin. 16:30ean hasita jokatuko dute norgehiagoka.

Partida oso garrantzitsua dute zapatuan Zumaiako futbol taldeko neskek. Izan ere, igoera faserako txartela Azpeitian banatuko da, Zumaiakoren eta Lagun Onaken artean zehazki. Denboraldi berezia izan da aurtengoa –martxoan hasi zuten–, baina iritsi da bukaera aldera. Orain, Euskal Ligarako igoera fasea esku-eskura dute Zumaiako eta Azpeitiko taldeek.

Larunbatean Garmendipe futbol zelaian (16:30 hasita) jokoan izango diren hiru puntuak preziatuak izango dira, partida irabazten duenak igoera fasean aritzeko txartela lortuko baitu. Dena den, Zumaiakok derrigorrez irabazi beharko du oraingoan, Lagun Onakek aski baitu berdinketarekin ere. Lagun Onak eta Zumaiako sailkapeneko bigarren eta hirugarren postuetan dira hurrenez hurren, hamabina punturekin berdintuta. Sailkapeneko liderra Eibar da, hamahiru punturekin, eta talde horrek Urola izango du aurrez aurre asteburuan.

Igoera fasera sailkatzeko diren bi taldeek beste taldeko sailkapeneko aurreneko bien aurka jokatuko dituzte partidak: hau da, talde bateko aurrenak besteko bigarrenaren aurka; eta alderantziz. Beraz, fase horretara sailkatzen diren taldeentzat beste bi astez luzatuko da denboraldia.

Joan zen asteburuan Amaikak Bat izan zuen aurkari Zumaiakok, eta gainditu zuen taldea; hain zuzen ere, 2 eta 1 nagusitu zen Zumaiako taldea. Aner Errazkinek eta Amaia Agirrek gol bana sartu zuten.