Kaleratu dituzte hondartzan kirol jarduerak eskaintzeko bete beharreko arauak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 6a, 09:14

Uretako kirol jardueretarako lau eremu izango dira Zumaiako hondartzetan. Zerbitzua eskaini nahi duten enpresek eskaera aurkeztu beharko dute maiatzaren 31 baino lehen, eta udalak argitaratutako irizpideen arabera puntuazio altuena lortzen duten hirurei esleituko diete eskolak emateko aukera.

Aurten ere hainbat arau eta irizpide bete beharko dituzte Itzurun eta Santiago hondartzetan uretako kirol jarduerak zerbitzu modura eskaini nahi dituzten enpresek. Zumaiako Udalak araudia argitaratu du gaur, eta jakinarazi du aurten zerbitzua eman nahi duten eskolek eskakizunak aurkez ditzaketela jada. Maiatzaren 31 aurretik egin beharko dute eskaera Zumaiako Kirol Patronatuko erregistro orokorrean (Basadi auzategia, 16), eta arautegian zehazten diren agiriak ere aurkeztu beharko dituzte.

Ezarritako irizpideak kontuan hartuta puntuazio bat izango du eskatzaile bakoitzak, eta horren arabera, hurrenkera bat osatuko du udalak. Aurreneko hiru postuak lortzen dituzten enpresek eskaini ahal izango dituzte eskolak Zumaiako hondartzetan.

Lau eremu

Itzurunen uretako kirol jarduerak egiteko hiru eremu –San Telmo aldea 1, San Telmoaldea 2 eta Itzurun txiki aldea– izango dira, eta bat Santiagon –Ibai aldea–. Hondartza bakoitzean egoten den pertsona kopurua eta hondartza bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuta, eremu bakoitzean gehienez elkartu ahalko den ikasle kopurua ere zehaztuta dago araudian.

Ordutegiaren arabera muga aldatu arren, orduko, gehienez sei edo hamar lagunek jardun ahal izango dute Itzurungo eremu bakoitzean. Santiagon, aldiz, hamar pertsonakoa da gehienezko kopurua.

Zaintza eta sorosle lanetan arituko diren langileek markatuko dituzte kirol jardueretarako eremuak hondartzetan, bandera bidez. Orientagarri modura, zehaztuta egongo dira lau eremuak, baina banderak eta, beraz, eremuen mugak alda daitezke itsasoaren egoeraren arabera.

  • Irakurri hemen Itzurunen eta Santiagon uretako kirol jarduerak eskaintzeko bete beharreko arauak eta enpresentzako eskaera orriak