Donostiako olatu artifizialaren aurkako mugimenduaren lehen sinatzaileen artean da Alex Uranga

IƱigo Gaiton 2021ko mai. 5a, 12:00
(Eguzki)

Martutenen eraiki nahi duten surf parkearen proiektua bertan behera uzteko eskatu dute Gipuzkoako hondartza guztietako hainbat surflarik, Olatu artifizialik ez Donostian! lelopean. Alex Uranga zumaiarra dago "proiektua geldiarazteko hamabost arrazoi sendo" biltzen dituen dokumentuaren lehen sinatzaileen artean.

Donostiako Udalak surf parka eraikitzeko asmoa du Martutene auzoko Antondegi Gainean, itsasotik lau kilometro eskasera. Aizarnazabalgo Wavegarden enpresarekin batera garatu dute proiektua, eta iragarri zutenetik zeresan handia ematen ari da. Izan ere, Donostiako "gerriko berdea" deitzen zaion ingurune naturalean egin nahi dute olatu artifiziala, eta proiektuak ingurumenean eragin ditzakeen kalteekin kezkatuta, kontra azaldu dira zenbait elkarte eta norbanako. Hala, surfaren eta ekologiaren alorreko zazpi elkartek Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan kolektiboa eratu zuten martxoan; tartean, Surfider Foundation Europe, Eguzki talde ekologista eta Itsas Enara elkarte ornitologikoa. Greenpeaceren babesa ere jaso du kolektiboak.

Ingurumena babestea helburutzat joz, egitasmoa ez gauzatzearen aldeko hainbat argudio aurkeztu zituen kolektiboak. Orain, arrazoibide horien osagarri modura, Donostian olatu artifiziala egitearen kontra dauden surflariek dokumentu bat aurkeztu dute, hamabost arrazoi gehiago aurkeztuz. Gipuzkoako hondartza guztietako surflarien sinadurak ere biltzen ditu dokumentuak, tartean Alex Uranga surflari zumaiarrarena ere bai. Azpimarratu dutenez, proiektuak ez dio surf komunitatearen eskaera edo behar bati erantzuten, eta aurrerantzean, sinadura bilketa zabalagoa egiteko eta mobilizatzeko asmoa azaldu dute.