Beste sei kasu positibo baieztatu dituzte Zumaian azken orduetan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 4a, 13:12

Intzidentzia tasa zertxobait jaitsi bada ere, eskualdeko altuena izaten jarraitzen du. Hego Euskal Herrian jaitsi egin da positibitasun tasa; ospitaleratze berriak, baina, bikoiztu egin dira Osakidetzan.

Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu jada Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Zumaian sei pertsonak eman dute positibo, eta intzidentzia tasak pixka bat behera egin badu ere, 1.000tik gorakoa izaten jarraitzen du: 1.119,37koa zen asteburuko datuekin, eta 1.099,01ekoa da orain.

Urola Kostan, guztira, 31 kasu positibo zenbatu dituzte azken orduetan, igandeko probetan bezainbeste. Oraingoan ere Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien, hain zuzen, bederatzi. Zumaian bezala, seina emaitza positibo izan dira Azkoitian eta Azpeitian, eta nabarmentzekoa da hiru positibo hauteman dituztela Errezilen. Zestoan, bestalde, kasu berri bat baieztatu dute.

Azken orduetako datuak kontuan hartuta, Errezilen eta Azpeitian gora egin dute kasu metatuen tasek. Izan ere, hurrenez hurren, tasak 483,09an eta 505,91n zeuden atzo, baina 805,15ra eta 519,05era igo dira azken datuekin. Urola Kostako udalerri gehienetan, ordea, behera egin dute intzidentzia tasek: 1.460,96tik 1.108,31ra jaitsi da Aian, 993,07tik 934,66ra Azkoitian, 954,06tik 742,05era Getarian, 848,01etik 717,55era Orion, 1.075,08tik 993,70era Zarautzen, eta 539,29tik 513,61era Zestoan. Aizarnazabalen eta Beizaman, aldiz, berdin mantendu dira tasak; hain zuzen, 1.690ean eta hutsean.

Hortaz, gaur-gaurkoz, bost dira eremu gorrian jarraitzen duten eskualdeko herriak: Azkoitia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaia.

Positibotasun tasa behera Hego Euskal Herrian

Koronabirusa atzemateko 13.395 proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, bezperan baino 4.041 gehiago. Igandean baino 155 lagun gehiagok eman zuten positibo atzoko probetan, alegia, 768 lagunek. 351 kasu detektatu zituzten Bizkaian, 246 Gipuzkoan, 122 Nafarroan, 42 Araban eta zazpi beste lurralde batzuetan. Positibotasun tasak, dena den, behera egin du Hego Euskal Herrian. Atzoko probetan %5,1ekoa izan zen Nafarroan eta %5,6koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; igandean, aldiz, %7koa eta %6,1ekoa izan zen, hurrenez hurren.

Osakidetzan bikoiztu egin dira ospitaleratze berriak: 92 ospitaleratze berri izan ziren atzokoan, eta 45 izan ziren bezperan. Gaur egun 188 pertsona dituzte ZIUetan, eta 493 dira COVID-19ak jota Osakidetzaren erietxeetan dauden pertsonak.