Eskuragai daude 'Momentuak' flamenko ikuskizunerako sarrerak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 3a, 19:00

Katak taldeak larunbat honetan taularatuko du Momentuak ikuskizuna Zumaian. Gonbidapen txartelak jaso daitezke jada, doan.

Astindu dantza elkarteak joan den asteburuan eman zion hasiera Maiatza Dantzan ekimenaren hamargarren edizioari. Egitarauaren barruan, Momentuak flamenko ikuskizuna eskainiko du Katak taldeak Zumaienako aretoan. "Egoera alaiak eta tristeak dituzten bi mundu uztartu eta aurrez aurre jartzen ditu" emanaldiak, eta uztartu egiten ditu "dantza, cantea, flauta eta perkusio flamenkoa". Lau zati ditu ikuskizunak; hain zuzen, "lau palo flamenko".

Valentina Palmero ariko dantzari lanetan larunbateko emanaldian, eta Raquel Ruizek abestuko du. Rafael Viera arduratuko da perkusioaz, eta flauta doinuak Angelika Hiusgenen ahotik izango dira. Alex Alonsok egingo ditu aurkezle lanak, baina parte hartuko dute Astinduko kideek ere.

19:00etan hasiko da ikuskizuna, eta sarrera doakoa izango bada ere, bertaratzeko asmoa dutenek aurrez lortu beharko dute gonbidapen txartela. Eskuragai daude sarrerak jada, Zumaiako Turismo Bulegoan.

Erlazionatuak

Asteburu honetan hasiko da X. Maiatza Dantzan

Dorleta Agiriano Lai 2021 api 26 Zumaia