Maiatzaren Lehena

"Langile klaseak soilik salbatuko du langile klasea"

Atzo iluntzeko manifestazioko une bat (Argazkia: utzitakoa)

Herriko hainbat gazte eragilek deituta, manifestazioa eginez amaitu zuten atzo Maiatzaren Lehena dozenaka herritarrek. Tubacex enpresako langileei elkartasuna ere erakutsi zieten.

Langileen Nazioarteko Eguna izan zen atzo, Maiatzaren Lehena, eta eguerdian bezala, iluntzean ere izan zen mobilizaziorik Zumaian. Hain zuzen, 20:00etan abiatu zen herriko hainbat gazte eragilek deitutako protesta Burgesiaren paradisua gure miseria, gora langile borroka lelo hartuta. 

Komunikabideetara zabaldutako idatzian azpimarratu zuten gazteek "ezinbesteko erantzukizuna" dutela herriaren ongizatea lortze bidean: "Itxialdian erakutsi genuen zaintza eta erosketa sarearekin herriak bakarrik salba dezakeela herria, eta langile klaseak soilik salbatuko duela langile klasea. Gazteok gara herriaren indarra, eta gazteok ezinbesteko erantzukizuna daukagu, gu garelako etorkizuna".

Batasunaren aldeko aldarria ere egin zuten: "Batu gaitezen, erabil dezagun langileon nazioarteko egun hau sistema kapitalista heteropatriarkalak egunero zapaltzen gaituen sektore ezberdinek elkarrekin bat egin eta beste mundu batean sinisten dugula erakusteko. Batu gaitezen klase ezberdintasunik ez duen Euskal Herri sozialista eta feminista bat eraikitzeko bidean beste pauso bat emateko. Zapaltzaileen aurkako zapalduon gerra da hau, eta guztiok gara beharrezkoak, bakoitzak bere eremutik aletxoa ipiniz dena da posible".

Gainera, kritikatu zuten osasun krisiaren atzean ezkutatuta utzi nahi dituela gainerako arazoak "sistema kapitalista heteropatriarkalak", eta hainbat kolektibo gogoratu zituzten: "Krisi ekonomiko eta soziala ezkutatu nahi digute. Gure gainean jarri nahi dute krisiaren pisu guztia. Langabeziak etengabe egin du gora, eta Hego Euskal Herrian 19.016 gazte langabe izatera iritsi gara. Kontrol soziala muturreraino eraman dute gure jardun politikoa kontrolatu eta oztopatzeko, polizia biolentzia erabili dute. Enpresak etengabe itxi nahi dituzte kaleratutako langileei inolako alternatibarik eskaini gabe. Zaintza bezalako sektore feminizatuetan muturreko prekarietatea bizi dute. Ikasleek ez dute ikasteko oinarrizko baldintzarik. Pentsionistek astelehenero kaleak hartzen jarraitzen dute pentsio duinen eske".

Hain zuzen, elkarretaratzea ere egin zuten Aupa Tubacex, eredu zarete zioen pankarta zabalduta.