"Borobila izan da Astindu Eguna"

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 2a, 10:31

Herriko dantza elkarteak bere eguna ospatuz abiatu du Maiatza Dantzan egitasmoa. Elkarteko bazkideentzat hawaiiar dantzen tailerra egin zuten goizean, eta bazkaria ondoren. Gustura gelditu dira egunak emandakoarekin, "pandemiagatik nahi bezala ospatzerik eduki ez arren".

Aurtengo Astindu Eguna berezia izan da herriko dantza elkarteko kideentzat, ezin izan dutelako nahi bezala ospatu pandemiaren eraginez, baina ez dira etxean gelditu. Atzo, larunbata, hawaiiar dantzen tailer batekin hasi zuten ospakizuna elkarteko hamalau kidek, eta ondoren bazkaria egin zuten. Gero, kalera atera ziren abestera eta dantza egitera.

"Tailerra oso-oso polita izan da, ezusteko ederra hartu dugu", azaldu zioten iluntzean kideek BALEIKEri. "Eguna bera oso-oso ondo atera da, giro ederrean ibili gara, abestuz, dantzatuz, eta plazako jendea ere animatu da dantzatzera, betiere distantziak mantenduta eta maskarak soinean".

"Pandemia egoerak ez digu utzi eguna behar bezala ospatzen, baina hori kontuan hartuta, egun borobila izan da, gustura gelditu gara", azaldu zuten.

Atzo bazkalosteko une bat (Argazkia: Astindu)

Gogoratu nahi izan zuten Astinduren helburua zein den ere: "Elkartearen nahia da inor ez gelditzea dantzatzeko gogoz. Astindun denok maila berean gaude, berdin du zer adin eduki, zer ideologia, zer gaitasun. Elkarri laguntzen diogu, eta dantza egin nahi duena etor dadila gugana. Denak beso zabalik hartzen ditugu".

"Dantza egiten duen herri bat ez da sekula hilko. Gora Astindu eta gora Zumaia!", aldarrikatu zuten.

Maiatza Dantzan egitasmoaren barruan ospatu zuten eguna, eta datorren asteburuan jarraituko dute egitarauarekin.