TAO txartel berria ekainaren 14a baino lehen ordaindu beharko da

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 1a, 10:47
Iazko txartelek ekainaren 14ra arte balioko dute

Udalak etxeetara bidali ditu txartel berria egiteko agiriak, eta TAO bulegoa zabalik egongo da maiatzaren 17tik aurrera, akatsak erreklamatzeko nahiz etxean agiria jaso ez dutenek ordainketa egin dezaten. 

Zumaiako Udalak herritarrei etxera bidali die dagoeneko 2021eko ekainaren 14tik 2022ko ekainera indarrean egongo den TAO txartela egiteko agiria. Herritarrei eta herriko enpresa eta gremioei bidali zaie dokumentazioa, eta ekainaren 14a baino lehen egin beharko da ordainketa, egun horretan sartuko baita indarrean txartel berria. Bitartean, orain artekoa erabili ahal izango da.

Ordainketa egiteko bi modu daude: banketxetik, edo egoitza elektronikoaren bidez. Etxean jasotako agirian akatsen bat balego, erreklamazioa egitera TAO bulegora joan beharko da, maiatzaren 17tik aurrera, orduan zabalduko baitute zerbitzua.

Bestalde, etxean ez dute TAO txartelarentzat agiririk jasoko Zumaian bigarren etxebizitza dutenek nahiz bertan lan egiten dutenek. TAO bulegotik pasa beharko dute ordainketa egiteko maiatzaren 17tik aurrera. Txartel berria maiatzaren 17a baino lehen behar dutenek, berriz, Herritarren Arreta Zerbitzura jo beharko dute.

Azkenik, udalak azaldu du aurten txartela telematikoki ere eskatu ahalko dela.