Pediatra euskaldun bat bermatzeko eskatu dio berriz udalak Osakidetzari

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 1a, 09:00

Osteguneko udalbatzarrean onartu zen mozioa, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren eta PSE-EEren abstentzioekin. Udalak, beraz, Osakidetzari eskatu dio "herriko pediatra postuaren egoera zuzentzeko" eta "herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko", baita "egiturazko neurriak hartzeko" ere "mediku euskaldunen faltari aurre egiteko".

Ostegunean, apirilaren 29an, izan zen ohiko osoko bilkura Zumaian. Besteak beste, Osakidetzari pediatra euskaldun bat eskatzeko mozioa aurkeztu zuen udal gobernuak, agiria UEMArekin landu ostean. EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen mozioa, baina abstenitu egin ziren oposizioko bi alderdiak, EAJ eta PSE-EE. Izan ere, mozioa "azken unean" jaso zutela azaldu zuten eta, hortaz, ez zutela lantzeko astirik izan. EAJko Ainhoa Illarramendik nabarmendu zuen, gainera, jeltzaleen ustez martxan izango direla jada "osasun sistema euskalduntzeko" baliabideak, baita mozioak barne hartzen dituen neurriak "aurrera eramateko" baliabideak ere.

Mozioa onartuta, dena den, bi eskakizun nagusi egingo ditu Zumaiako Udalak. Batetik, Osakidetzari exijitu dio "lehenbailehen zuzendu dezala herriko pediatra postuaren egoera, eta berma ditzala herritarren hizkuntza eskubideak" eta, bestetik, Osakidetzari nahiz Eusko Jaurlaritzari eskatu die "jar ditzatela bideak zerbitzua euskaraz emateko gai diren profesionalak hezteko eta kontratatzeko" eta "egiturazko neurriak har ditzatela mediku euskaldunen faltari aurre egiteko, unibertsitatetik hasita".

Badira bi urte Aizarnazabalen, Getarian, Zestoan eta Zumaian pediatra euskaldunik ez dagoela. Lau udalerriek eskatu dute behin baino gehiagotan neurriak hartzeko, esaterako, alkateen gutunak helarazita. "Egoera konpontzen ez dela ikusita", ordea, auzia lau udalbatzetan aztertzea erabaki dute.

  • Hona hemen apirileko osoko bilkuran onartutako mozioa