Joar Garate: "Kantukideengan topatu dut berotasuna"

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 28a, 09:00
(Utzitakoa)

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean izango da aurrenekoz Joar Garate. Lasaitasuna eta kideen berotasuna sentitzea gakoak dira bertsolari gaztearentzat.

Oiartzungo saioa izan zen aurreneko urratsa aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan. Joan den ostiralean izan zen sariketako lehenengo kanporaketa, eta lau bertsolari aritu ziren kantuan: Oibar Olano, Hodei Munduate, Ekain Tolaretxipi eta Joar Garate zumaiarra. Garate nagusitu zen, eta hala, txapelketako finalerako txartela eskuratu zuen.

Olanorekin, Munduaterekin eta Tolaretxipirekin bertsotan jarduteko sentitzen duen "konfiantza" giltzarria izan zen ostiralean garaipena lortzeko, zumaiarraren esanetan. Azaldu du, gainera, entzule gutxi izango zirela aurrez jakiteak "lasaitasuna" eman ziola, eta lasai igo zela oholtzara abestera, "eroso". Izan ere, aurten, mahai baten bueltan kantatu beharrean, eszena baten gainean ariko dira eskolarteko sariketako bertsolariak. COVID-19a dela eta, gainera, plaza mugatuak izango dira publikoarentzat. "Egia da hotzagoa dela formatua, baina beste modu batera topatzen dut berotasuna orain", dio Garatek. Berotasun hori, hain zuzen, "kantukideengan" aurkitu du.

Hirugarren aldiz ari da parte hartzen Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, baina finalerako sailkatzea lortu duen aurreneko aldia da honakoa. Maiatzaren 28an izango da finala Urnietan, eta Garatek adierazi du poz handiz hartuko lukeela Naia Arrizabalaga azkoitiarra ere han izatea. Denbora luzez aritu dira besoz beso bertsotan, eta Arrizabalagak maiatzaren 7an izango du kanporaketa saioa. Elkarrekin prestatuko dute azkoitiarrak jokatuko duen kanporaketa, bai eta, momentuz, zumaiarrak zerumugan duen finala ere. Horretaz gain, Garatek dio, orain arte bezala, ostegunero jardungo duela Zumaiako Bertso Eskolan, trebatze lanetan.

Ostiral honetan, apirilaren 30ean, sariketako bigarren kanporaketa izango da Asteasun. Nerea Isusi, Mikel Ostolaza, Aratz Arzelus, Ane Zubia eta Irati Arakistain zumaiarra taularatuko dira, eta haiek ere Urnietako finalerako plaza bat lortzea izango dute helburu.