CAF-Elhuyar sarietako bat lortu du Asier Albiteren artikuluak

Aritz Mutiozabal 2021ko api. 27a, 19:00
(Elhuyar)

Betizua, Europako azken behi basatia desagertzear ikerketa lanagatik jaso du Neiker Sari Berezia zumaiarrak.

Donostian, Tabakalerako Kutxa Kultur aretoan banatu dituzte gaur CAF-Elhuyar sariak, Ezagutza da txertoa lelopean. Aurten 64 lan aurkeztu dituzte zientzia eta teknologia ikerketen dibulgazioa, kazetaritza eta sozializazioa helburu dituen egitasmora. Ekitaldian zehar eman dituzten sarien artean, Asier Albite zumaiarraren artikuluari aitortza berezia egin dio epaimahaiak.

Lehen sektorea oinarri duen lan esanguratsuenari egokitzen zaion Neiker Sari Berezia eman diote, Betizua, Europako azken behi basatia desagertzear ikerketa lanagatik. Kategoria horretako epaimahaikideek garrantzia handia ematen diote aurkezten diren lanak izaera berritzailea eta teknologikoa izateari, baita egunerokoan baliagarria izateari ere. Hori horrela, Albiteren artikuluak ezarritako irizpide horiek guztiz betetzen dituela nabarmendu dute.

Zumaiarrak, gainerako irabazle guztiek bezalaxe, 2.000 euroko sari ekonomikoa jaso du, eta Imanol Andonegi Mendizabalek eginiko eskultura bat. Sariez gain, CAF-Elhuyarrek hainbat beka ere eman ditu.