Asteburu honetan hasiko da X. Maiatza Dantzan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 26a, 16:00

Astindu dantza elkarteak hilabete osorako egitaraua antolatu du aurten ere, eta besteak beste, flamenkoa, polinesiar dantzak eta muxikoak uztartu ditu. Datorren larunbata izango da abiapuntua: Astindu Eguna.

Etxetik egin zuten iazko Maiatza Dantzan edizioa. Aurtengoan, ordea, egitarau zabala izango da herrian Astindu dantza elkartearen eskutik. Hamargarrenez heldu dio dinamikari, eta hilabete osoan zehar izango dira saioak. Larunbat honetan, maiatzaren 1ean, emango dio hasiera egitarauari: Astindu Eguna ospatuko dute egun horretan, eta polinesiar dantzak landuko dituzte Torreberri gaztetxean. Horren ostean, bazkaria egingo dute.

Edizio honetarako hainbat ikuskizun lotu dituzte Astinduko kideek: maiatzaren 8an flamenko ikuskizuna izango da Zumaienan, maiatzaren 23an Musika Eskolak emanaldia eskainiko du Odietan, eta maiatzaren 28an, Aukeran Dantza Konpainiak BizHitza ikuskizuna taularatuko du Zumaienan.

Emanaldiez gozatzeaz gain, baina, parte hartzeko eta dantza egiteko aukera ere izango dute maiatzean zumaiarrek. Larunbat honetan polinesiar dantzen tailerra gauzatu eta gero, beste bi tailer izango dira. Aurrez ere jakinarazi zuen modura, Astinduk dantza garaikide tailerra egingo du Torreberrin maiatzaren 16an, Dagaz ekimenari lotuta. Bestalde, muxikoak euskal dantzetan aritzeko aukera egongo da maiatzaren 30ean, Gernika parkean.

Solaserako abagunea ere izango da aurtengo Maiatza Dantzan edizioan, maiatzaren 12rako solasaldi bat antolatu baitute dantza elkarteko kideek. Aita Mari aretoan egingo dute, eta hain zuzen, Praktikatzearen plazera eta ikustearen plazera izango dituzte hizpide hizlariek. Eta ez hori bakarrik: maiatzaren 15ean Zumaia dantzan bideoa argitaratuko du BALEIKEk, baleike.eus web-orrian.

Egitaraua

  • Maiatzak 1, larunbata: Astindu Eguna. 10:00etan Torreberrin, Polinesiar dantza tailerra eta bazkaria.
  • Maiatzak 8, larunbata. 19:00etan Zumaienan, Momentuak. Flamenko katak flamenko ikuskizuna. Doakoa izango da sarrera, baina turismo bulegoan eskuratu behar dira txartelak maiatzaren 1etik aurrera.
  • Maiatzak 12, asteazkena. 19:00etan Aita Mari aretoan, Praktikatzearen plazera eta ikustearen plazera solasaldia. Doakoa izango da sarrera, baina turismo bulegoan eskuratu beharko dira txartelak maiatzaren 8tik aurrera.
  • Maiatzak 15, larunbata. Zumaia dantzan bideoa ikusgai baleike.eus-en.
  • Maiatzak 16, igandea. 11:00etan Torreberrin, dantza garaikide tailerra.
  • Maiatzak 23, igandea. 12:30ean Odietan, Musika Eskola dantzan emanaldia.
  • Maiatzak 28, ostirala. 19:00etan Zumaienan, BizHitza ikuskizuna. Turismo bulegoan erosi beharko dira sarrerak, maiatzaren 22tik aurrera.
  • Maiatzak 30, igandea. 12:00etan Gernika parkean, muxiko tailerra.