Banketxeetan eragiketak egiteko dituzten zailtasunak salatzeko mobilizazioa egin dute pentsiodunek

Mireia Galarza Bastida 2021ko api. 26a, 12:38

Segurtasun neurriak errespetatuta, dozenaka herritar atera dira kalera Guztiontzat pentsio duinak, kalitatezko zaintza eta osasungintza publikoa lelopean. 

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak deitutako deialdiarekin bat eginda, manifestazioa egin dute pentsiodunek gaur Saregileen plazatik abiatuta. Guztiontzat pentsio duinak, kalitatezko zaintza eta osasungintza publikoa lelopean, kalera irten dira dozenaka herritar, eta pentsioen dirua kudeatzeko dituzten zailtasunak salatu dituzte, besteak beste. 

Banku handien aurrean sortzen diren ilaren inguruko kezka azaldu dute, eta ezartzen diren komisio "gero eta altuagoek" baliabide gutxi dituzten pertsonei kalte handiagoa eragiten dietela ere salatu dute. Bestalde, bankuen zerbitzuek okerrera egin dute urtez urte, pentsiodunen arabera.

Hori horrela izanda, eta banketxeena "funtsezko zerbitzua" izanik, gutun bidez zuzendu dira pentsiodunak, eta pertsonalki emango diete finantza-erakundeei. Neurriak hartzeko eskatu dute, tartean, "ilarak buka daitezela, zerbitzuak berrezarri ditzatela, sukurtsalak ireki ditzatela eta txantiloiak zabaldu ditzatela". Gainera, komisioak 2015. urteko mailara murrizteko eskatu dute.