Arrantzarako txalupa zahar baten erreplika egin du Beduola Elkarteak

1928an Deban egindako Hiru Anai txalupari neurriak eta planoak atera ostean, hutsetik abiatuz sortu dute egurrezko ontzia. Atzo egin zuten botadura.

Berezia izan da Beduola Elkarteko kideentzat Hiru Anai egurrezko txalupa egiteko prozesua. Batela zaharrak eraberritzen esperientzia izan arren, aurreneko aldiz sortu dute ontzi bat hutsetik abiatuta. Zaharrari neurriak eta planoak atera ostean, bi urte inguru jardun dute eskulanean, Beñat Ibaieta Beduola Elkarteko kideak jakitera eman duenez. Atzo, larunbatarekin, bota zuten uretara sei metroko luzera duen enbarkazioa.

"Tres Hermanos izena jarri behar izan zioten 1928an egindakoan, gaztelaniaz, orduko egoera politikoak hala behartuta. Osa abizeneko bi anaiek egin zuten, eta urtebetez erabili ondoren, getariarren batek erosi zuen", hasi da hizketan. Agidanez, Getarian pare bat urte-edo egin ostean, Debara bueltatu zen txalupa, eta 1939ra bitartean arrantzarako erabili zuten han. "Nire amonaren osaba batek erosi zuen gero, eta Zumaiara ekarri zuten kamioi baten laguntzarekin. 375 pezeta kostatu zitzaion", jarraitu du kontatzen Ibaietak.

Urte luzez arraunek eta belak lagunduta egin zituen itsasorako joan-etorriak ontziak, baina 1959an motorra sartu zioten, eta ordutik 2010era bitarteko urteak uretan egin zituen txalupak Urte horietan guztietan, ontziaren egiturari fibra ematen joan ziren, egurra usteltzen joan zelako, eta enbarkazioaren izena ere itzuli zuten euskarara.

Beduola Elkartekoek 2010ean eskuratu zuten txalupa zaharra. "Egoera oso txarrean zegoen ordurako, eta ez zuen merezi eraberritzen hasteak. Neurriak eta planoak atera eta horietan oinarrituz, erreplika egitea erabaki genuen", azaldu du.

Elkarteak hutsetik abiatuz sortu duen aurreneko egurrezko ontzia izan da. "Ikasteko ikaragarri balio izan digu prozesu guztiak. Laguntza handia izan dugu; Enrike Lekuona zenak planoak egiten lagundu zigun, eta Santi Osaren esperientziak ere asko erraztu dizkigu gauzak". 

Atzotik uretan da Hiru Anai berria, eta Beduolako kideak belaren diseinua egiten ari dira orain. Uda aldera, goizaldeko haize terralak aprobetxatzeko moduan izatea espero dute.