Saharara gerturatzeko aukera, herritik atera gabe

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 24a, 18:00

Saharan aski ezaguna den Chertat pertsonaiari buruzko ipuina entzuteko aukera izan da gaur Oxford aretoan. Maiatzaren 2ra bitartean, Mendebaldeko Sahara: 45 urte justiziarik gabe erakusketa egongo da ikusgai, Darahli elkartearen eskutik.

Sahararen historiaz nahiz bertako kulturaz gehiago jakin nahi duenak horretarako aukera izango du egunotan Alondegiko Oxford aretora bertaratuta. Mendebaldeko Sahara: 45 urte justiziarik gabe erakusketa maiatzaren 2ra arte egongo da aretoan ikusgai, 18:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera, eta 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara larunbat eta igandeetan.

Gaur ipuin kontaketa izan da erakusketaren aretoan bertan, eta jende askorik bertaratu ez bada ere, Jesus Mari Eizagirrek eta Chej Ahmedek Chertat eta lehoia istorioa kontatu dute, euskaraz lehenak eta, arabieraz, ondoren, bigarrenak. Saharako pertsonaia ezaguna da Chertat, eta hango haurrek bere hamaika istorio ezagutzen dituzte. Chej Ahmedek istorioa arabieraz kontatu duenean, bertaratuek hobeto jarraitu ahal izateko marrazkiak proiektatu dituzte horman, eta amaieran istorioan agertzen diren animaliei arabieraz nola esaten zaien ikasteko nahiz beste hainbat bitxikeria ezgutzeko aukera izan dute bertaratu direnek. 

Gaurkoaz gain, datozen egunetarako hainbat ekitaldi antolatu ditu Darahli Elkarteak. Bihar haurrentzako Zarafa filma eskainiko dute Oxford aretoan bertan, 18:00etatik aurrera. Datorren ostiralean, hilaren 30ean, Soukeina, 4.400 dias de noche dokumentala eskainiko dute leku berean 18:00etatik aurrera, eta jarraian Fatimetu Zenan-Bachiri Labeid (Saharako gazteria aktiboa) elkarteak hitzaldia eskainiko du Mendebaldeko Sahararen egungo egoeraz eta hango borrokez. Amaitzeko, hurrengo asteko igandean, maiatzaren 2an, Ocupacion SA dokumentala emango dute Oxford aretoan, 19:00etan.