Astebetean 66 kasu positibo zenbatu dituzte Zumaian

Maria Maya Manterola 2021ko api. 23a, 13:26

Guztira, astebetean, 66 kasu positibo zenbatu dituzte, aurreko astean baino 25 gehiago. 1.000tik gorako intzidentzia tasari eusten dio Zumaiak. 

Osasun Sailak eman ditu atzo zenbatutako PCR eta antigeno proben emaitzak. Zumaian ez du hobera egin egoerak. Zazpi kasu positibo hauteman zituzten atzo. Astebetean 66 izan dira zenbatutako kasu positiboak, aurreko astean baino 25 gehiago.

100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak nabarmen egin du gora azken egunetan: 702,15eko tasa zuen Zumaiak duela astebete; 1.000tik gorako langa gainditu du aste honetan –azken datuekin, 1.170,25ekoa da–.

Urola Kostan 56 kasu positibo

Urola Kostako herrietan, guztira, 56 positibo zenbatu dituzte; herenegun baino hiru gehiago. Intzidentzia tasek, hala ere, 400dik gorako langa gaindituta jarraitzen dute eskualdeko herrietan; Beizaman eta Errezilen izan ezik. 

Zarautzen gora egin dute zenbatutako kasu positiboek, eta bertan detektatu dituzte gehien. Herenegun hamabost kasu atzeman zituzten; atzo, 20. Intzidentzia tasak ere, beraz, gora egin du herri horretan: 1.195,01ekoa da. Azkoitian zertxobait behera egin dute hautemandako kasuek. Zehazki, hamar kasu positibo izan dira herri horretan, herenegun baino bi gutxiago. Intzidentzia tasak bere horretan jarraitzen du; 1.401,99koa da. Aian, berriz, lau positibo zenbatu dituzte, eta eskualdeko kasu metatuen tasa altuena du herri horrek. Hain justu, 1.964,74koa da. Getariako tasa ere bere horretan mantentzen da –1.590,11koa da–, kasu positiboen kopuruak zertxobait behera egin duen arren –lau kasu zenbatu zituzten herenegun; bi atzo–. 

Orion lau kasu positibo baieztatu zituzten atzo, bezperan baino bat gutxiago. Herri horretan, 1.239,40koa da tasa. Azpeitian bezperan baino hiru positibo gehiago zenbatu dituzte; zortzi, baina 5.000 biztanletik gorako herrien artean, Azpeitia da egoera onena duena. Atzotik gora egin du, hala eta guztiz, intzidentzia tasak: 611,04koa da han. Zestoan, ez dute kasu positiborik hauteman, eta 616,33koa da intzidentzia tasa. Aizarnazabalen okerrera egin du egoerak: kasu positibo bat baieztatuta, 390,12tik 520,16ra igo da intzidentzia tasa. 

Beizaman ez dute kasu positibo berririk baieztatu, eta 0ko intzidentzia tasa dute. Errezilen ere ez dute kasurik hauteman, baina 322,06ko tasa metatua dute han. 

Hego Euskal Herrian 1.171 

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako azken datuen arabera, atzo, guztira, 1.171 kasu positibo zenbatu zituzten: 117 Araban, 425 Bizkaian, 431 Gipuzkoan eta 184 Nafarroan. Guztira, 13.303 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurralde horietan; % 9k eman zuten positibo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta % 7,7k Nafarroan.

Erietxeetako egoerak ez du hobera egin: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 554 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 173 Zaintza Intentsiboen Unitateetan. Atzo 114 pertsona ospitaleratu zituzten hiru lurraldeetan. Nafarroan, berriz, 153 dira ospitaleratuta dauden pertsonak, horietatik 35 ZIUetan.