Euskal Pilota Egokituko Master Cup Txapelketan lehiatuko dira Leire Esnal eta Xabier Olaziregi

Baleike 2021ko api. 22a, 17:50

Igande honetan ekingo diote lehiari Oiartzunen, eta lau bikote onenak maiatzaren 16ko finalerako sailkatuko dira. Getarian jokatuko dira finaleko partidak.

Inoizko parte hartzerik handienarekin jokatuko da Euskal Pilota Egokituko Master Cup Txapelketa, hurrengo bi asteburuetan,  Oiartzunen eta Getarian. Guztira, 34 pilotari arituko dira lehian: alde batetik, hemezortzi adimen urritasuneko mailan, seina bikote hiru taldetan banatuta; eta bestetik, hamasei gurpildun aulkiko mailan, bi taldetan banatutako zortzi bikotetan. Izena eman duten pilotarien artean Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Errioxa eta Frantziako pilotariak daude.

Adimen urritasuneko kategorian, Leire Esnal eta Xabier Olaziregi zumaiarrek hartuko dute parte. Leire Esnalek Xabier Villar zarauztarrarekin osatuko du bikotea (2. taldea) eta Xabier Olaziregik, berriz, Lorea Iribar zarauztarrarekin (3. taldea). Partidak hamabost tantora jokatuko dituzte.

Osasun egoerak baldintzatuta pilotalekura gerturatzerik izango ez denez, Oiartzuneko kanporaketak Emakume Master Cupeko facebook ataritik jarraitu ahal izango dira streaming bidez. Goizez, adimen urritasuneko partidak jokatuko dituzte, eta arratsaldez gurpildun aulkikoak. Lau bikoterik onenak finaletarako sailkatuko dira. Maiatzaren 16an jokatuko dira, Getarian, 12:00etatik aurrera, eta ETB-1ek zuzenean eskainiko ditu.