Larretxoko irisgarritasuna lantzeko bilduko dira bizilagunak eta udal ordezkariak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 22a, 19:00

Maiatzaren 5ean egingo dute bilera, eta aztergai izango dituzte Irisgarritasun Plana nahiz igogailuak. Bertaratzeko asmoa dutenek aurrez eman beharko dute izena.

Udalaren esanetan, iazko azaroan ekin zion Zumaiako Irisgarritasun Plana osatzeari. "Udal eraikinak, espazio publikoa, garraioa zein komunikazioa aztertu dira, irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin", adierazi du udalak. Dena den, Larretxo auzoari dagokionez, lanketa berezia egin duela dio, eta horren harira izan zela online saio bat urtarrilean bizilagunekin.

Hitzordu berri bat jarri dute orain, maiatzaren 5erako. Egun horretan udaletxean bilduko dira bizilagunak eta udal ordezkariak, Larretxoko irisgarritasunaren inguruan hitz egiteko. Irisgarritasun Plana eta igogailuen inguruko proposamenak aztertuko dira bileran, batez ere.

Joateko asmoa dutenek, dena den, izena eman beharko dute aurrez. Horretarako, 943 86 50 33 telefono zenbakira deitu edo hirigintza@zumaia.eus helbide elektronikora mezu bat igorri daiteke.