Aurrerantzean Eusko Label etiketa eramango du antxoak ere

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 22a, 15:00

Eusko Label izango da "ohiko arrantza eremuan" eta "arrantza tresna tradizionalekin" arrantzatutako "lehen mailako" antxoa. Hiru milioi kilo antxoa jaso dituzte dagoeneko.

Hemendik aurrera, antxoari ere Eusko Label etiketa erantsiko diote. Beraz, “itsasoko zilarra” Eusko Label arrantza produktuen sortara batu dute, duela hainbat urte hegaluzearekin eta atunarekin egin zuten modura.

Kalitate bereizgarria izango du, hain zuzen, “baxurako euskal artisau flotaren ohiko arrantza eremuan eta arrantza tresna tradizionalak” erabilita arrantzatutako “lehen mailako” antxoak. Engraulis encrasicolu izeneko espeziea hartuko dute Eusko Labela duen antxoatzat, eta martxoaren 1etik azaroaren 30era bitartean harrapatutakoa izan beharko da. Produktuaren “freskotasuna” ere izango da derrigor bete beharreko baldintzetako bat, eta kontuan hartuko dituzte “kanpoko itxura, azala eta trinkotasuna” ere.

Bestalde, “oso zorrotza” den arautegi tekniko batek zehaztuko du zein irizpide bete beharko dituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan salduko den Eusko Label antxoak. HAZI Fundazioa arduratuko da prozesu katean beharrezkotzat jotzen dituzten kontrol eta ziurtapen sistemak ezartzen produktua lortzeko, kontserbatzeko, biltegiratzeko, garraiatzeko, etiketatzeko, manipulatzeko, ontziratzeko eta merkaturatzeko garaian.

Momentuz, antxoak eramango du Eusko Label bereizgarria, baina aurrerago eraldatutako eta prestatutako produktuei ere etiketa jartzeko aukera ez dute baztertuta; esaterako, Eusko Labeldun produktuak erabilita sortutako kontserbei.

“Tresna bat”

Gaur aurkeztu dute Eusko Labeldun antxoa Getariako arrantzaleen kofradiaren aurrean. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiaren esanetan, antxoa Eusko Label produktuen zerrendara batzea «tresna bat» da EAEko arrantza sektorearentzat. “Arrantza arlotik eratorritako produktuak merkatura ahalik eta balorizatuen irits daitezen eta merkataritza garapenerako aukera izateko tresna berria da”, azaldu du Tapiak. Horrez gainera, garaian garaiko arraina kontsumitzeko deia egin du sailburuak.

Tapiaz gainera, Eusko Label antxoaren Getariako aurkezpenean izan dira, besteak beste, Eugenio Elduaien Gipuzkoako Arrantza Kofradien Federazioko presidentea, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politika sailburuordea, Peli Manterola HAZIko zuzendaria eta arrantza sektoreko hainbat ordezkari.
Getariako kofradiako ekitaldian antxoaren arrantza sasoiaren nondik norakoak ere azaldu dituzte gaur: joan den martxotik hil honen erdira arteko epean hiru milioi kilo antxoa inguru arrantzatu dituzte euskal arrantzontziek.

Antxoaren kanpainak

  • 2021 (apiril erdira arte)
    • 10,5 milioi kilo. Orain arte, Kantauriko ontziteria osoak arrantzatu duen antxoa kopurua. Azaroaren 30era arteko kuota 26 milioi kilokoa da.
    • 3 milioi kilo. Orain arte, EAEko portuetan jaso eta deskargatu duten antxoa kopurua.
    • 0,87 euro. Antxoaren batez besteko prezioa enkantean, kiloko.
  • 2020
    • 6,5 milioi kilo. EAEko ontziek harrapatutako antxoa kopurua.
    • 7,8 milioi euro. Arrantzatutako antxoari esker sektorean izan ziren diru sarreren zenbatekoa.
    • 1,25 euro. Antxoaren batez besteko prezioa merkatuan, kiloko.