'Hau ez da niretzat' websaila

'Hau ez da niretzat' umorezko websail berria, Baleiken ikusgai bihartik aurrera

Baleike 2021ko api. 22a, 10:00

Bihartik hasita, hamabostean behin eskainiko du Baleikek Ttap eta Zut aldizkariek argitaratutako Hau ez da niretzat umorezko websaila. Umorea ardatz, banatzaile baten nondik norakoak jarraituko ditu ikusleak. Esti da banatzaile protagonista eta atal bakoitzeko eskari baten atzean dagoen istorioa kontatzen da.

Atal bakoitzean, Esti banatzaileak –Maialen Sorzabalbere aktorea– etxez etxe eskari xelebreak eramango ditu, eta banaketa bakoitzaren atzean, eskaria bezain xelebrea den egoerarekin egingo du topo. Errealitatea ala fikzioa?

Gidoiak eta aktore lanak Barrexerka antzerki taldeko kideek egin dituzte: Maialen Sorzabalberek, Garazi Mitxelenak, Mikel Irazustak, Nerea Aranburuk, Amaia Rojok, Amaia Iraundegik, Peru Ansorenak, Ekain Arrietak eta Graxi Arregik.

Websailaren sortzaileak, bestalde, Unai Portilla, Gorka Alvarez de Arcaya eta Egoitz Diaz dira; Ttap eta Zut aldizkariek iaz eskainitako Ixa websailaren egileak. Eta ekoizteaz Goiena Komunikazio Taldea arduratu da.

Hirugarren websaila

Ttap eta Zut aldizkariek eskainiko duten fikziozko hirugarren websaila da Hau ez da niretzat. Ixa websail saritua kaleratu zuten baita Gorabeherak umorezko websaila ekoiztu eta eskaini ere. Websail horiek ere ikusgai izan ziren Tokikomeko bazkide ziren toki hedabideetan, tartean Baleiken.