Pentsioen dirua kudeatzeko dituzten zailtasunak salatzeko mobilizazioa egingo dute astelehenean

Maria Maya Manterola 2021ko api. 21a, 17:30
2020ko azaroko mobilizazio bat, Erribera kalean.

Zumaiako plataformak bat egin du Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren deialdiarekin. Banketxeena "funtsezko zerbitzua" izanik, beren eskakizunak gutun bidez entregatuko dituzte finantza-erakundeetan.

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak mobilizazioak egingo ditu astelehenean, apirilak 26, banketxeetan eragiketak egiteko dituzten zailtasunak salatzeko. Zumaiako pentsiodunen plataformak ere bat egin du deialdiarekin, eta asteleheneroko elkarretaratzea egin beharrean manifestazioa egingo dute, 12:00etan Saregileen plazatik abiatuta. 

Banku handien aurrean sortzen diren ilaren inguruko kezka azaltzeaz gain, ezartzen diren komisio "gero eta altuagoek" baliabide gutxi dituzten pertsonei kalte handiagoa eragiten dietela salatuko dute. Bankuek eta aurrezki kutxek zerbitzu publikoa eman behar dutela irizten diote pentsiodunek, "jarduera ekonomikoa eta produktiboa errazteko". 

Bestalde, bankuen zerbitzuek okerrera egin dute urtez urte, pentsiodunen arabera. Haien hitzetan, geroz eta zailagoa da norbere dirua eskuratzea. Pandemiaren eraginez, zailtasun horiek areagotu izana salatu dute: "Erabiltzaileen arretarako langileak murrizten ari dira eta  komisioak handitzen, finantza-erakundeetako akziodunen dibidenduak handitzeko". 

Banketxeena "funtsezko zerbitzua" izanik, gutun bidez zuzenduko dira pentsiodunak, eta pertsonalki emango diete finantza-erakundeei. Neurriak hartzeko eskatuko diete: ilarak buka daitezela, zerbitzuak berrezarri ditzatela, sukurtsalak ireki ditzatela eta txantiloiak zabaldu ditzatela eskatuko diete, besteak beste. Gainera, komisioak 2015. urteko mailara murrizteko galdegingo diete.