Maiatzaren Lehenaren harira, jardunaldiak antolatu ditu Urola Kostako Kontseilu Sozialistak

Baleike 2021ko api. 20a, 11:15
(Gedar Langile Kazeta)

Zumaian ere izango da saio bat, hain zuzen, Euskal Herriko hamaika txokotan martxan diren Langile Babes Sareen ingurukoa. Apirilaren 28an egingo dute mahai-ingurua Oxford aretoan. "Langileriaren askapenaren alde dena eman dutenak" gogoan, "urrats berriak egiteko" asmoa azaldu du Kontseilu Sozialistak, eta maiatzaren 1ean Zarautzen mobilizatzera deitu du.

Ate-joka da aurtengo Maiatzaren Lehena, eta horri lotutako egitaraua aurkeztu du Urola Kostako Kontseilu Sozialistak. Zumaian jarri du aurreneko hitzordua, apirilaren 28rako: egun horretan mahai-inguru bat egingo dute Oxford aretoan, azken urteetan Euskal Herriko hainbat bazterretan sortu diren Langile Babes Sareen inguruan. Sare horien "oinarriak eta bilakaera" aztertzeko aukera izango da mahai-inguruan, eta bi gonbidatu izango dira: Bergarako Lubaki Elkartasun Sarea, eta Donostiako eta Oarsoaldeko Langileon Babes Kolektiboa.

18:00etan ekingo diote solasaldiari, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, hizlariek euskaraz jardungo duten arren, gaztelaniazko itzulpena eskainiko da.

Apirilaren 30erako, aldiz, Zarautzen antolatu dute hitzaldi bat Kontseilu Sozialistako kideek. Kolitza arituko da saio horretan, eta hizpide izango ditu Krisia, pandemia eta estrategia sozialista. Bestalde, jardunaldi horiek antolatzearekin batera, maiatzaren 1ean Zarautzen mobilizatzera deitu du Urola Kostako Kontseilu Sozialistak. Kontzientzia berreskuratu, iraultza sozialista antolatu lelopean egingo dute manifestazioa, 19:00etan Zarauzko udaletxe aurretik hasita.

Ikaspenak eta pauso berriak

Langileen Nazioarteko Egunari begira argitaratutako adierazpenean, Kontseilu Sozialistak azpimarra egin dio egun horren jatorriari: gogoan izan du "ehunka mila langilek hartu zutela kalea 1886ko maiatzaren 1ean" zortzi orduko lanaldia exijitzeko, eta heriotza-zigorra ezarri zietela haietako bosti Chicagon. Ordutik, maiatzaren 1a "borroka eguna" eta "langileriaren askapenaren alde dena eman duten militanteak oroitzeko unea" dela azaldu du. Gaineratu du, horren harira, "langileriaren historiak berariazkoa" duela "langile borroka ere"; historia hori "klase-baldintzek hamaika modutan eragindako oinazeak markatu" duelako, "baina baita klase-baldintza horiek iraultzeko borroka etengabeak ere".

Gaur egungo egoerari dagokionez, Kontseilu Sozialistak nabarmendu du "gero eta itogarriagoak diren lan- eta bizi-baldintzek ardazten" dutela "gure bizitza", eta "pandemiaren kudeaketa burgesak are gordinago bistaratu" duela "gure bizitzaren arlo guztietara hedatzen" dela "burgesiaren menderakuntza". "Kolperik latzenak jasaten dituen proletalgoari, gainera, etengabe ukatu dizkiote oinarrizkoenak ziruditen eskubide eta askatasun politikoak; politika egiteko aukera", seinalatu du.

"Langile mugimenduaren historia bere osotasunean", "garaipenekin eta porrotekin", nork bere egiteak "gaurko erronkei begiratzeko ikuspegi estrategikoa ematen" duela adierazi dute Kontseilu Sozialistako kideek. "Dena eman duten militante politiko guztiei aitortza" egiteaz gain, hemendik aurrera "langile mugimenduaren historian" haien "aletxoa jarri nahi" dutela diote, "antolakuntza komunista oinarri, urrats berriak egiteko, eta proletalgoaren egungo arazoei aterabide errealak emateko". "Antolakuntza komunista" ezaugarritu dute bestalde, "zapalkuntza ororen aurkako borroka eta klase sozialik gabeko jendarte baten aldeko borroka" gisa. "Norabide horretan egingo dugu lan [...] Gurean ere izan dadila urrats berri txiki bat aurtengo Maiatzaren Lehena".