Bihartik aurrera itxita egongo da Zumaia

Anartz Izagirre-Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 19a, 13:54

Beste 28 kasu positibo baieztatu dituzte asteburuan, eta gorantz doa intzidentzia tasa: 936,20koa da gaur-gaurkoz. Eusko Jaurlaritzak gaur eguneratu du eremu gorrian dauden herrien zerrenda, eta zerrendara batu da Zumaia; hortaz, aparteko neurri murriztaileak ezarriko dituzte herrian.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Zumaian 28 kasu berri atzeman dituzte asteburuan; hain zuzen, zortzina atzo eta larunbatean, eta hamabi ostiralean. Beraz, joan den astelehenetik igandera bitartean, guztira 69 kasu positibo baieztatu dituzte herrian.

Astebetean eremu laranjatik gorrira igaro da Zumaia. Asteburuan egindako proben emaitzak izan aurretik, alegia, aurreko ostiralean, 702,15ekoa zen 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa. Azken hiru egunetako datuak kontuan hartuta, ordea, nabarmen egin du gora tasak, eta 936,20koa da une honetan.

Osasun Sailak gaur eguneratu du eremu gorrian dauden herrien eta, hortaz, bihartik aurrera itxita egongo diren herrien zerrenda. Horien artean dago Zumaia. Itxiera perimetrala ezartzeaz gain, baina, beste hainbat arlotan ere sartuko dituzte indarrean aparteko neurri murriztaileak.

Neurri gehiago

Hona hemen bihartik aurrera Zumaian ere indarrean egongo diren aparteko neurriak:

  • Mugikortasuna. Bizilagunak ezingo dira udalerritik irten eta beste udalerrietako bizilagunak ezingo dira sartu, ez bada lan, hezkuntza, osasun edo zaintza arrazoiengatik. Salbuespenik egongo da, ordea: mugakide diren eta ohiko zirkulazioa duten udalerrien artean mugitzea baimenduta dago erosketak eta aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko, nahiz eta udalerri horietakoren batek edo bi udalerriek 400dik gorako intzidentzia tasa izan.

  • Ostalaritza. Tabernek eta jatetxeek are mugatuago izango dute lokalen barrualdean zerbitzua emateko ordutegia: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era bitartean bakarrik eskaini ahal izango dute zerbitzua. Aire zabaleko terrazetan orain arteko zerbitzu bera eman ahal izango dute: edukiera osoan eta 06:00etatik 20:00etara. Aurrez egindako eskaerak 21:00ak arte entregatu ahal izango dituzte establezimenduan bertan aurrez hitzordua eskatuta, eta etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango dute. Orain arte bezala, bezeroek mahai bueltan eserita kontsumitu beharko dute, gehienez lau laguneko taldeetan, eta maskara uneoro jantzita eduki beharko dute, elikagaiak edo edariak hartzen dituzten momentuan izan ezik.

  • Kirola. Gehienez lau laguneko taldeetan egin ahalko dira barruko kirol jarduerak, eta gehienez sei laguneko taldeetan kanpokoak. Talde profesionalen eta federatuen entrenamenduei eta lehiaketei ez die eragingo neurri horrek. Kiroldegietako aldagelak eta dutxak itxi egingo dira, igerilekuetakoak izan ezik; horietan, aldagelak erabili ahal izango dira gehieneko edukieraren %35eko mugarekin, eta dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banakakoak badira.

  • Eskola kirola. Barruko instalazioetan gehienez lauko taldeetan aritu beharko dute umeek, eta kanpoan, gehienez seiko taldeetan. Horientzat ere aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetakoak izan ezik.

190 kasu eskualdean

Datuek nabarmen egin dute gora Urola Kostan. Izan ere, guztira, 190 kasu atzeman dituzte eskualdean ostiraletik igandera bitartean, joan zen astelehenean baino 54 gehiago, eta 5.000 biztanletik gorako herri guztiek 400dik gorako intzidentzia tasa dute uneotan. Era berean, joan zen astetik eremu gorrian zeuden Azkoitia, Orio eta Zarautzi eskualdeko beste lau herri batu zaizkie, Zumaiaz gain: Aia, Azpeitia, Getaria eta Zestoa.

Positiborik gehien Zarautzen atzeman dituzte asteburuan: 81. Joan zen asteko datuekin alderatuta nabarmen egin dute gora positiboek Urola Kostako herririk handienean, eta intzidentzia tasak ere goranzko joera du; gaur-gaurkoz, 1.105,07ko intzidentzia tasa dute. Azkoitian ere egoera ez da askoz hobea, joan zen asteartetik eremu gorrian dago Azkoitia, eta egoerak ez dirudi hobera egiteko itxurarik duenik; izan ere, 28 kasu berri hauteman dituzte han azken hiru egunetan, eta 1.301,84ko intzidentzia tasa du uneotan, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik altuena. Azken astean itxita egon den hirugarren herria Orio da, eta beste hamabost positibo izan dituzte herrian azken hiru egunetan. Intzidentzia tasak gora egin du han ere, eta 1.027,40koa da uneotan.

Zumaiako egoera antzekoa dute Azpeitian, hamazazpi kasu berri zenbatu baitituzte azken hiru egunetan, eta 492,77ko intzidentzia tasarekin eremu gorrian dago herria. Beraz, bihartik aurrera itxita egongo da Urola Erdiko herririk handiena ere.

Eskualdeko 5.000 biztanletik beherako herrietan ere ez du etenik COVID-19 gaitzaren hedapenak. Aian hamar kasu izan dira asteburuan, eta 1.410,58ko intzidentzia tasa dute uneotan, eskualdeko altuena. Gertutik jarraitzen dio Getariak; azken hiru egunetan lau kasu berri egon dira, 1.307,42ko intzidentzia tasa dute uneotan. Zestoan, aldiz, zazpi kasu hauteman dituzte, eta 590,65ekoa da tasa. Beraz, eskualdeko hiru herri soilik izango dira bihar itxiko ez direnak: Aizarnazabal, Beizama eta Errezil.

Hegoaldean ere gaizki

Hego Euskal Herrian, guztira, 773 kasu positibo hauteman zituzten atzo, eta 8.624 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan. Positiborik gehien Gipuzkoan zenbatu zituzten (302), eta, ondoren, Bizkaian (253), Nafarroan (140) eta Araban (71). Bestalde, ospitaleratze kopuruak gora egin du herrialde osoan: 495 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta 200dik gora Nafarroakoetan. ZIUetan ere gora egin du erien kopuruak: 147 daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 42 Nafarroan. Positibotasun tasari dagokionez, berriz, %8,7koa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta %10,2koa Nafarroan.