Jubenil mutilek eta infantil neskek bigarren egin dute Euskadiko Batel Txapelketan

Artxiboko irudia. (Telmo Deun)

Zumaiako kadete mailako nesken taldeak, aldiz, kontsolazio txanda irabazi du Legution.

Asteburuan, Euskadiko Batel Txapelketa jokatu da Legutioko urtegian, eta bertan parte hartu du Zumaiako Telmo Deun Arraun Elkarteak. Atzo arratsaldean, kanporaketa estropadak jokatu zituzten taldeek eta gaur goizean finalak eta kontsolazio txandak izan dituzte. Hala, Gipuzkoako Arraun Federazioak sare sozialen bidez jakinarazi ditu emaitzak eta bi domina eskuratu dituzte Zumaiako arraun taldeek.

Jubenil mailako mutilen taldeak lan bikaina egin du Euskadiko Batel Txapelketan; bigarren postuan sailkatu da Orioren atzetik, baina segundo eskasera helmugaratu da, zilarrezko domina eskuratuz. Zumaiako infantil mailako nesken taldea ere bigarren postuan sailkatu da Euskadiko Batel Txapelketan, San Juanen atzetik. Eta kadete mailako nesken taldeak kontsolazio txandan lehen postua eskuratu du oriotarrak baino denbora hobea eginda.