Hego Euskal Herrian 900dik gora positibo zenbatu dituzte azken orduetan

Aitziber Arzallus 2021ko api. 18a, 13:01
PCR teknikari bat.

346 kasu berri atzeman zituzten atzo Gipuzkoan, 323 Bizkaian, 139 Nafarroan eta 97 Araban.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo koronabirusa atzemateko 10.876 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 914k eman zuten positibo; %8,4k hain zuzen. Nafarroako positiboen kopuruak eta positibotasun tasak apaltzera egin du azken egunotan, eta %5,4 da gaur; ez, ordea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak: %9,3koa da.

Lurraldeka, Gipuzkoan hauteman zituzten kasu berri gehien: 346. Bizkaian 323 zenbatu zituzten, Nafarroan 139 eta Araban 97. Atzo beste 80 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta gaur-gaurkoz, 140 lagun daude Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU).

Eusko Jaurlaritzak bihar eguneratuko ditu herriz herriko datuak, eta bihar jakinaraziko du asteartetik aurrera itxita egongo diren herrien zerrenda ere.