Kontzertu berezia eskainiko du gaur arratsaldean San Pedro Abesbatzak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko api. 18a, 11:32

Itsasoarekin lotura duten abestiak eskainiko dituzte San Pedro Abesbatzako kideek parrokian, Itsasoari begirada bat izenburupean.

Aurten ere ez da San Telmo jaiak ospatu, baina San Pedro Abesbatzak kontzertu berezia eskainiko du gaur arratsaldean, santelmo jaiei keinu egiteko, Itsasoari begirada bat izenpean. Hasiera batean apirilaren 10ean egitekoa bazen ere, azkenean gaur eskainiko dute kontzertua. 19:00etan ekingo diote kantaldiari, parrokian. Besteak beste, Josu Elberdin, Beatriz Corona, Albert Alcaraz nahiz Benito Lertxundiren kantuak eskainiko dituzte. Mari Carmen Azpeitiaren piano doinuak jantziko ditu abestiak eta Kandido Urangak ere parte hartuko du saioan. Izan ere, abesbatzako kideek hainbat testu eta olerki idatzi dituzte pieza bakoitza aurkezteko, eta Urangak errezitatuko ditu testutxo horiek.

Ordubete inguru iraungo du kontzertuak, eta dagoeneko agortuta daude sarrera guztiak. Dena dela, Urolako Komunikazio Taldeak grabatuko du kontzertua, eta astean zehar kontzertua osorik ikusteko aukera izango da Baleike.eus webgunean.