Federatutako mendizaleek ezingo dute eremu gorriko herrietatik atera eta haietara sartu

Aitziber Arzallus 2021ko api. 17a, 17:30

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kirolari federatuentzat ezarrita zituen neurriak moldatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Egutegi ofizialak baimendutako lehiaketetan parte hartzen dutenek bakarrik izango dute nahieran mugitzeko aukera.

Eusko Jaurlaritzak aldatu egin ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kirolari federatuentzat ezarrita zituen neurriak. Aurrerantzean debekatuta izango dute eremu gorrian dauden herrietan sartzea eta haietatik irtetea, egutegi ofizialak baimendutako lehiaketetarako edo entrenamendurako ez bada. Orain arte, federatutako kirolariek hiru herrialdeetan barrena libre mugitzeko aukera zuten; hemendik aurrera, ordea, lehia ofizialetan parte hartzen dutenek bakarrik izango dute aukera hori.

Aldaketa horrek edozein kiroletan federatutako herritarrei eragiten die, eta bereziki mendizaleei, Euskal Mendizale Federazioak nabarmendu duenez. Izan ere, mendian federatuta dauden herritarretako askok ez dute lehiaketa ofizialetan parte hartzen.

Horrenbestez, lehia ofizialetan parte hartzeko entrenatzen ari diren kirolari federatuek libre aritzeko aukera izango dute, baina lehiatzeko prestatzen ari ez direnek ezingo dute 400dik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietatik atera nahiz haietara sartu. Horiek bizileku duten udalerriaren eta haren mugakide diren udalerrien artean moldatu beharko dute.