Zumaia Sasoian: Artaditik eta Oikiatik ibilbidea

Oinez egiteko mendi buelta polita proposatzen dizuegu, asteburuan egiteko.

Santiago aldera jo eta handik Karakasko bidea hartuko dugu; Karakas baserritik Arteagarantz joango gara, eta handik Oikia aldera jaitsi, Arteagako aldapatik. Mantziorko zubiaren parera agertuko gara baina, hura zeharkatu beharrean, ezkerrerantz jarraituko dugu, Soburuko baserrien artetik, Urola ibaiaren ondotik gorantz.

Fabrikako zubira iristean, GI-3760 errepidetik Jesuskoa alderantz hartuta, errepidearen ezkerraldera gurutzatu eta, Etxeberri pasata, Siemens enpresaren albotik abiatzen den bidea hartuko dugu, hegoalderantz. Begi bistara, ezkerrera, Urtxaille pasata, eskuinerantz gorantz doan bidexka hartuko dugu, Nagusisagastiraino.

Handik gorantz hartuz gero, Artabilla paretik, Ibañarrietaraino jarrai dezakegu, handik Agotera, San Lorentera eta Zumaiara jaitsi. Baina gaur buelta motzagoa egingo dugu: Nagusisagastitik eskuinaldera joko dugu, aldapan behera, Agirre, Iparragirre eta Goiburu baserrietatik pasaz.

Oikia zeharkatu eta Mantziorko zubiaren bila joango gara; Urolaren bestaldera pasa eta, oraingoan, Torrontegi aldera joango gara, ezkerrerrantz. Handik gora, aldapa pikoan, Artadira; eta Artaditik Zumaiara buelta.

Hemen ibilbidea deskargatzeko (.kml artxiboa): Zumaia-Artadi-Oikia

Sariak

Gogoan izan ekimen honetan parte hartzen duzuen guztion artean sariak zozkatuko direla. Zozketan parte hartzeko zuen korrika saioak grabatu (ikusi nola egin) eta bidali Kirol Patronatuaren Whatsapp zenbaki honetara: 629503369 .

  • Jarduera elkarbanatzean honako datu hauek jarri beharko dira:

    • Erronkaren zenbakia.

    • Izen eta abizena.

    • Telefono zenbakia Whatsapp mezutik hartuko dugu.

    • Jardueraren grabaketa edo datuak azaltzen diren pantailaren argazkia.