Musi-k udalekuak egingo dituzte aurten ere

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 16a, 16:00

Uztailaren 19tik 30era bitartean izango dira Musi-k udaleku musikalak. Dena den, Sapere Aude Sinfoniettak jakinarazi du aldaketak egon daitezkeela COVID-19a dela-eta.

Aurten ere Musi-k udalekuak egiteko asmoa du Sapere Aude Sinfoniettak. Musika landu ohi dute haurrei zuzendutako saio horietan, baina baita dantza nahiz askotariko jolasak ere. Uztaileko bigarren hamabostaldian izango dira aurtengo udalekuak, hain zuzen, uztailaren 19tik 30era bitartean. Haur Hezkuntzako 4. mailatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko gazteei zuzendutako ekimena da, eta goizez izango dituzte saioak, 09:30ean hasi eta 13:00etara arte.

Sapere Aude Sinfoniettako kideek ohartarazi dute, hala ere, aldaketak egon daitezkeela COVID-19a dela-eta. Momentuz, maiatzaren 4an irekiko dute izen-ematea, eta maiatzaren 17a izango da izena emateko azkeneko eguna. Alhondegian egin behar da izen-ematea (alondegia@zumaia.eus helbide elektronikoa edo 943 861 056 telefono zenbakia).