Ireki dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek antolatutako udalekuetarako izen-ematea

Anartz Izagirre 2021ko api. 14a, 09:00

Gaurtik hasita hilaren 20ra bitartean eman ahalko dute izena udalekuetan 7 eta 13 urte arteko haur eta gaztetxoek, eta Gazte Oporraldietan, 14 eta 17 urte artekoek. Izena bakarka nahiz gehienez hiru pertsonako taldeetan eman ahal izango da, Internet bidez, Udako Programen Bulegoan zein kanpainan parte hartzen duten udal-bulegoetan.

Urtebeteko etenaren ostean, bueltan dira berriro ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek antolatutako udalekuak  —7 eta 13 urte bitartekoentzat— eta Gazte Oporraldiak —14 eta 17 urte bitartekoentzat—. Guztira, 1.075 plaza egongo dira gipuzkoarrentzat, 728 udalekuetan eta 347 Gazte Oporraldietan, eta gaur, asteartea, ireki da bi programetan izena emateko epea. Izena bakarka edo gehienez ere hiru lagunez osatutako taldeetan eman ahalko da, eta hiru modu egongo dira horretarako: Internet bidez, Udako Programen Bulegoan eta kanpainan parte hartzen duten udal bulegoetan. Apirilaren 27an emango dute zozketaren emaitzaren berri, eta apirilaren 28tik aurrera egin ahal izango da behin betiko izen-ematea.

Udalekuetako txandak hiru taldetan banatuko dituzte: 7-11 urtekoak, 9-11 urtekoak eta 12-13 urtekoak. Adin-talde bakoitzarentzat hainbat helmuga ezarri dituzte, eta txanda guztiek zazpi eguneko iraupena izango dute; uztailean zein abuztuan izango dira udalekuak. Arabak lau instalazio jarriko ditu: Zuhatza, Barria, Espejo eta Bernedo. Sei jarriko ditu Bizkaiak: Gorliz, Lapurreketa, Lurraska, Zugaztieta, Meakaur eta Bertiz. Eta beste sei jarriko ditu Gipuzkoak: Orio, Zarautz, Hondarribia, Arantza, Irisarriland —azken biak Nafarroan daude—, eta oraindik zehazteke duten beste bat.

Gazte Oporraldiak

Gazte Oporraldietan, aldiz, Hego Euskal Herriko nahiz beste hainbat lekutako helmugak ezarri dituzte—honako lotura honetan ikus daitezke helmuga guztiak—. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Nafarroako Foru Erkidegoak Espainiako Estatuko beste autonomia erkidego batzuetako aldundiekin antolatzen dute programa hori. Txandak hiru taldetan banatuko dituzte: 14-15 urtekoak, 16-17 urtekoak eta 14-17 urtekoak.

Hiru foru aldundiek udalekuen ordainsaria ere adostu dute: 130 eurokoa izango da. Prezio horrek barnebiltzen ditu ostatua, gosaria, askaria eta afaria, dinamizazio zerbitzu bat, erantzukizun zibileko aseguru bat, baita jatorrizko tokitik (Bilbo, Gasteiz eta Donostia) instalazioraino egin beharreko joan-etorriko bidaia ere. Gazte Oporraldien kasuan, aldiz, zazpi egunetako egonaldiaren prezioa 176 eurokoa izango da, eta 10-12 egunetako egonaldiarena 242 eurokoa.

Udalekuen eta Gazte Oporraldien webguneetan topa daiteke programen inguruko informazio osoa.