Astindu, hamar urte eta lehendabiziko eguneko ilusio berarekin

Onintza Lete Arrieta 2021ko api. 13a, 09:00

Jone Osa, Tamara Fernandez eta Mila Baquedano dira herriko dantza elkarteko 52 bazkideetako hiru, eta elkarteaz solastu dira. Sorreratik dago Osa, eta haren lekukoa Fernandezek eta Baquedanok hartu zuten. Urteurrena abenduan emanaldi handi bat eskainiz ospatu nahi lukete, baina oraindik ez dute ezer aurreratu nahi. Astindu Eguna, berriz, maiatzaren 1ean ospatuko dute.

Gaur bederatzi egun, apirilaren 4an, 10 urte bete zituen Astindu dantza elkarteak. Hiru lagunek sortu zuten, "Miriam Romatet Kultura teknikariaren bultzadarekin": Uxua Gainzak, Isaak Aranberrik, eta Jone Osak –Ane Azkue izan zen, berriz, idazkaria hasiera haietan–. Euskal dantzetan ibiltzen ziren hirurak, eta ikusi zuten herrian "hutsunea" zegoela. "Bazeuden dantza akademiak, euskal dantzak ere musika eskolan sartuta zeuden, baina bakoitza bere aldetik zebilela ikusten genuen, jendeak ez zekiela herrian zer zegoen", azaldu du Osak. Dantza elkarte bat falta zen.

"Sekulako ilusioarekin hasi ginen, baina lan pila bat ere egiten genuen. Egunero ordu pila bat eskaintzen genizkion elkarteari", gogoratu du Osak. "Egia da goizak libre izaten nituela eta posible nuela ordu haiek eskaintzea, arratsaldez ematen nituelako dantza eskolak, baina... Gogoan dut zuzendaritza utzi nuenean zure ume txikia beste pertsona bati uzten diozunean sentitzen duzun gauza bera sentitu nuela", esan du barrez.

Gaur egun Torreberrin du lokala Astinduk, baina inguruko terraza batean elkartu da BALEIKE hiru taldekiderekin, kafe beroa lagun. Dantzak elkartu ditu Jone Osaren (Zumaia, 1987), Mila Baquedanoren (Zumaia, 1964) eta Tamara Fernandezen (Zumaia, 1984) bizitzak. "Hori da Astinduk eman digun gauza politena", azpimarratu dute hirurek. Telefonican lanean aritutakoa da Baquedano, ingeniaria da Fernandez, eta irakaslea, berriz, Osa. "Astindun adin eta ezaugarri desberdin askotako pertsonak elkartzen gara, eta hori da aberasgarriena".

Gaur egun Baquedano eta Fernandez dira zuzendaritzako kideak, beste lau lagunekin batera. "Sekulako lan ona ari dira egiten", aitortu du bere garaian lekukoa pasa zien Osak.

18 eta 60 urte arteko 52 bazkidek osatzen dute elkartea, eta adinean aniztasuna nagusi den arren, generoari dagokionez emakumea da nagusi. "Lau gizonezko bakarrik ditugu, eta nahiko genuke gehiago izatea, baina tira, etortzen diren lau horiei ikaragarri gustatzen zaie dantza eta gainera oso abilak dira", nabarmendu dute.

Osak gustura kontatu du, horren harira, bere dantza irakasle garaietako ikasle batek, Aitor Jimenez getariarrak, dantzan jarraitzea erabaki zuela, zalantza askoren ondoren. "Isaakek eta biok hitz egin genuen berarekin, dantza ikastera animatuz, eta Isaakek bere gurasoekin ere hitz egin zuen, konbentzitu zituen, Burgosera joan zen ikastera, eta gaur egun Dantzaz konpainian dabil", esan du maskararen atzean irribarrea nabaritzen zaiola. "Sekulako poza ematen dit dantzan jarraitzen duela ikusteak, eta eredu bat ere bada mutilentzat".

Ezkerretik hasita, Jone Osa, Mila Baquedano eta Tamara Fernandez Astinduko kideak (Onintza Lete Arrieta)

Elkartearen helburua laburbildu du gero Osak: "Herritarren artean dantza sustatzeko, herritarrei grina pizteko sortu zen elkartea, baita dantza mota desberdinak ezagutarazteko ere. Hemen betidanik egin da euskal dantza, baina dantza hori baino zabalagoa da, eta elkarteak eman dio aukera edonori, edozein maila edukita ere, dantza probatzeko".

"Helburua ez da formazioa ematea, ondo pasatzea eta probatzea baizik. Gero, zerbait gustatuz gero, akademia batean eman dezake izena, baina Astinduren helburua ez da inoiz izan formazioa", gaineratu du Fernandezek.

Hainbat proiektu esku artean

Orain pandemiagatik ezin bada ere, hilero tailer bat eskaini izan dute, eta herritar guztiek eduki dute saio horietan parte hartzeko aukera. Hainbat estilo jorratu izan dituzte, eta saiatu izan dira gertuko irakasleak ekartzen saioak gidatzeko. Esaterako, Osak berak fandangoa eta arin-arina eman zituen konfinamendu garaian, online egindako tailerrean.

Orain etenda daude tailerrak, baina maiatzaren amaieran egin nahi lukete hurrengoa, muxikoekin. "Ez da kontaktu askoko dantza, eta egokia dela uste dugu", azaldu du Fernandezek. Aukeratzen duten dantza estiloaren arabera, komunitate kultural bateko edo besteko gehiago animatzen dela azaldu dute Astindukoek. Flamenkoak landu izan dituztenean, esaterako, jatorri andaluziarra nahiz Extremadurakoa dutenak hurbirdu izan dira beste estiloak landutakoan baino gehiago. 

Bien bitartean, kolaboratzen ari dira Dantzaz konpainiarekin. Baquedanok azaldu du konpainia horrek dantza garaikidea sustatzeko proiektu bat sortu duela, Dagaz izenekoa. Proiektu hori azken batean sare bat dela zehaztu du Fernandezek, "jendeak dantza garaikidea ezagutu dezan, askori beste estiloak baino arrotzagoa egiten zaielako". Horregatik, azken bi hilabeteetan proiektu hori bultzatzen aritu da Astindu ere.

Bestalde, herriko akademia eta musika eskolekin batera, Dantzara egitasmoa antolatzen du urtero Astinduk. Baquedanok esan du aurten online egin beharko dela, "ume pilaketa handia egoten delako, baita ikusle asko ere, eta hori saihestearren, aurten ere grabatuta egingo dugu". Maiatza Dantza programaren barruan izaten da hori. Fernandezek kontatu du elkartea saiatzen dela maiatzeko asteburu guztietan antolatzen dantzarekin lotura duen ekintzaren bat: "Dantzara ekitaldiaz gain, tailer irekiak, kanpotik ekarritako dantza talderen baten ikuskizuna... Saiatzen gara dena konbinatzen: erakutsi herrian akademietan zer dagoen, jendeak parte har dezan tailer irekiak antolatu, eta kanpotik talderen bat ekarri. Normalean Astindu Eguna ere antolatzen dugu, eta aurten maiatzaren 1ean egiteko asmoa dugu".

Dena den, aitortu dute pandemia egoeragatik "zailtasun handiak" ari direla izaten dantzatzeko, entseatzeko, nahiz gauzak antolatu ahal izateko baimenak lortzeko.

Pandemiarik gabe ere, badituzte zenbait muga. "Estalitako gune egoki bat ari gara eskatzen aspalditik. Uste dugu herriko beste eragile batzuen eskaria ere badela, adibidez, Musika Bandarena. Kalean emanaldia dugunean beti zeruari begira egoten gara, beldurrez", azaldu du Baquedanok. Torreberrik badu aterpe bat, baina argi dute: "Gu aterpean sartzen bagara, ikusleek kanpoan gelditu behar dute", gaineratu du Osak.

Hurrengo emanaldi handia ere martxan

Bi urtean behin emanaldi handi bat egin izan du Astinduk 2011n sortu zenetik. Kalean atera izan dira kalejiran –Broadway–, musika bandarekin elkarlanean egin dituzte hainbat emanaldi–musikalei buruzko saioa, esaterako–, antzerkiarekin ere animatu izan dira –Broadway Cabaret–, Queen musika talde ingelesari eskainitako ikuskizuna ere egin dute... Aurten ere badute herritarrei emanaldi handi bat eskaintzeko asmoa, baina nahiago dute ezer ez aurreratu ez estiloari buruz, ez gaiari buruz, "dena lotu arte".

Hori bai, aurreikusten dute abenduan igotzea oholtza gainera, eta onartu dute baietz, aurten hamar urte bete dituenez elkarteak, zerbait berezia egitea dela nahia.

Kolaborazioak ere egin izan dituzte, musika bandarekin eta Tiktara musika taldearekin adibidez, Korrontzirekin ere bai, eta gogoratu dute urtero herriko eta auzoko festetan parte hartzen dutela, "gure apurra jarriz".

Emanaldi horietarako ideiak pentsatzen, arropak prestatzen, gauza guztiak lotzen eta koordinatzen... Hiru kideek aitortu dute lan asko eskatzen duela Astinduk antolatzen duen guztia aurrera eramateak. Baquedano, adibidez, "egunero edo ia egunero" egoten da Kultura teknikariarekin, "aurrez aurre ez bada, telefonoz". Osak zera gaineratu du: "Miriamek hasieratik babestu gintuen, eta gauza askotarako beragan sostengatzen gara".

Hirurek esan dute "gogotsu" aritzen direla Astindun dantza herritarrengana gerturatzeko lanean, eta izan dadila urte askotarako.