400eko langara hurbiltzen ari da Zumaia

Aitziber Arzallus 2021ko api. 12a, 13:57

Zumaian zortzi positibo berri hauteman dituzte asteburuan, eta une honetan 376,51koa da intzidentzia tasa. Gipuzkoako intzidentzia tasa 483,30koa da eta bihartik aurrera itxita egongo da lurraldea. Horrez gain, itxita egongo dira baita ere Zarautz, Azkoitia eta Orio, eta neurri murriztaile bereziak hartuko dituzte herri horietan. 

Eusko Jaurlaritzak argitaratu ditu koronabirusaren bilakaera aztertzen duten asteburuko datuak. Horien arabera, Zumaia eremu laranjan dago eta 400eko langara gerturatzen ari da; asteburuko zortzi positibo berrirekin, 376,51koa da intzidentzia tasa. Joan den ostiralean, apirilaren 9an, 335,81ekoa zen tasa.

Azken asteko joerari eutsiz, nabarmen egin dute gora kasuek Urola Kostan. Ostiraleko, larunbateko eta igandeko datuak aintzat hartuz gero, guztira, 136 positibo berri atzeman dituzte asteburuan eskualdean.

Azken hiru egunetan Zarautzen eta Azkoitian atzeman dituzte kasu gehien, 49na hain zuzen ere. Azkoitia, esaterako, eremu gorrian dago pasa den astearteaz geroztik, eta azken egunetako positiboak kontuan hartuta 917,97koa da intzidentzia tasa herri horretan. Zarautz ere gogor kolpatu du izurriteak eta oso denbora gutxian eremu horian egotetik gorrian egotera igaro da. Bertako intzidentzia tasak 400eko langa igaro zuen pasa den astean, eta gaur-gaurkoz 621,06koa da tasa herri horretan.

Eremu gorrian dagoen hirugarren herria Orio da. Asteburuan, bederatzi kasu berri atzeman dituzte eta 505,54koa da intzidentzia tasa kostako herrian. Hala, Zarautz, Azkoiti eta Orio itxita egongo dira bihartik, eta neurri murriztaile bereziak hartuko dituzte.

Eremu horian dago Azpeitia, baina, hamazazpi positibo atzeman dituzte ostiraletik eta igandea bitartean herri horretan eta 262,81ekoa da intzidentzia tasa. Bestalde, lau positibo berri atzeman dituzte Getarian.

1.000 kasutik gora Hegoaldean

Hego Euskal Herriko datuei dagokienean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoako 26.602 proba egin zituzten ostiraletik eta igandera bitartean, eta horietatik 2.270k eman zuten positibo. Lurraldeka, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien asteburuan (1.076), baina Gipuzkoan ere gora egin du kutsatu kopuruak, hiru egunetan 894 kasu berri baieztatu baitituzte; Araban, berriz, 289 izan dira. Nafarroako Gobernuak ez ditu eman datu eguneratuak, baina, ostiraleko eta larunbateko datuak kontuan hartuta, 515 kasu berri izan dituzte.

Erietxeetan ere gora egin du paziente kopuruak eta datuak ere kezkagarriak dira. Hala, asteburuan 212 lagun ospitaleratu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetaneta atzo 115 lagun zeuden Zainketa Intentsiboen Unitatean. Nafarroan, bestalde, azken egunetan 31 lagun ospitaleratu dituzte (Nafarroak ez ditu eman igandeko datuak) eta horietatik sei ZIUn.

Aparteko neurriak Azkoitian, Orion eta Zarautzen

Gipuzkoak 400dik gorako intzidentzia tasa duenez, bihartik aurrera itxita egongo da lurraldea. Hori dela eta, gipuzkoarrek ezingo dute lurraldearen mugetatik atera eta kanpokoek ezingo dute lurraldera sartu, ez bada justifikatutako arrazoiren batengatik. Baina lurraldea ez ezik, barruko hainbat udalerri ere itxita egongo dira, 400dik gorako tasa dutelako. Urola Kostan, Azkoitia, Orio eta Zarautz daude egoera horretan, eta herri horietan aparteko neurri murriztaileak izango dituzte indarrean, gutxienez datozen asteartera arte.

  • Mugikortasuna. 400dik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietako bizilagunek ezingo dute udalerritik irten eta beste udalerrietako bizilagunek ezingo dute horietara sartu, ez bada lan, hezkuntza, osasun edo zaintza arrazoiengatik. Salbuespenik egongo da, ordea: mugakide diren eta ohiko zirkulazioa duten udalerrien artean mugitzea baimenduta egongo da erosketak eta aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko, nahiz eta udalerri horietakoren batek edo bi udalerriek 400dik gorako intzidentzia tasa izan.
  • Ostalaritza. 400dik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietako tabernek eta jatetxeek are mugatuago izango dute lokalen barrualdean zerbitzua emateko ordutegia: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era bitartean bakarrik eskaini ahal izango dute zerbitzua. Aire zabaleko terrazetan orain arteko zerbitzu bera eman ahal izango dute: edukiera osoan eta 06:00etatik 20:00etara. Aurrez egindako eskaerak 21:00ak arte entregatu ahal izango dituzte establezimenduan bertan aurrez hitzordua eskatuta, eta etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango dute. Orain arte bezala, bezeroek mahai bueltan eserita kontsumitu beharko dute, gehienez lau laguneko taldeetan, eta maskara uneoro jantzita eduki beharko dute, elikagaiak edo edariak hartzen dituzten momentuan izan ezik.
  • Kirola. 400dik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietan, gehienez lau laguneko taldeetan egin ahalko dira barruko kirol jarduerak, eta gehienez sei laguneko taldeetan kanpokoak. Talde profesionalen eta federatuen entrenamenduei eta lehiaketei ez die eragingo neurri horrek. Udalerri horietako kiroldegietako aldagelak eta dutxak itxi egingo dira, igerilekuetakoak izan ezik; horietan, aldagelak erabili ahal izango dira gehieneko edukieraren %35eko mugarekin, eta dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banakakoak badira.
  • Eskola kirola. 400dik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietan, barruko instalazioetan gehienez lauko taldeetan aritu beharko dute umeek, eta kanpoan, gehienez seiko taldeetan. Horientzat ere aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetakoak izan ezik.