GNAT zikloaren barruan, bi film emango dituzte Zumaian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 12a, 17:00
GNAT Zinema ekimenaren aurkezpena. (Geoparkea)

Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren I. Erakustaldia antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta zortzi herritan izango dira "gertuen dagoen naturaren kalitatearen dibulgaziorako" film emanaldiak. Bi film emango dituzte Zumaian apirilaren 22an.

Natura eta Ingurumen Zinemaren I. Erakustaldia aurkeztu berri du Deban Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuak. GNAT Zinema izeneko zikloa izango da dinamika nagusia; hain zuzen, "naturarekin lotutako" zortzi film emango dituzte Gipuzkoako zortzi herritan, besteak beste, Zumaian. "Gertuen dagoen naturaren kalitatearen dibulgazioa" da ekimenaren helburu nagusia, eta horretarako, "pertsonok naturarekin ditugun harremanak" eta "gizarteek naturarekin erlazionatzeko dituzten formak" landuko dituzte hainbat ikus-entzunezkoren bidez.

Apirilaren 13tik 23ra izango da zikloa, eta ondoko udalerrietan prestatu dituzte emanaldiak: Azpeitian, Deban, Donostian, Eibarren, Errenterian, Oñatin, Tolosan eta Zumaian. Apirilaren 22rako jarri dute hitzordua Zumaiako Aita Mari aretoan, eta bi film ikusteko aukera izango da egun horretan: Los Plástico eta Out Of Plastic. Doakoak izango dira sarrerak, eta Zumaiako Turismo Bulegoan eskuratu beharko dira aldez aurretik.

Angel Marinek eta Patricio Mekisek zuzendutako lana da Los Plástico, eta surflari talde baten istorioa jasotzen du: "Tauletan jarri eta gero, Alejandro Selkirk uharteko hondartzetara joango dira, Txileko Juan Fernandez artxipelagoan, helburu berarekin: itsasoa zaintzea". Out Of Plastic dokumentala, aldiz, Line Hadsbjergek zuzendu zuen, eta "Mediterraneo itsasoko plastikoaren sakonera ilunak aztertzen ditu".

Besteak beste, Joseba Palenzuela Geoparkeko lehendakariak eta Mutrikuko alkateak, Gilen Garcia Debako alkateak, Leire Barriuso Geoparkeko gerenteak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak aurkeztu dute GNAT Zinema. Asensioren arabera, "meditaziora, errealitatearen kontzientzia hartzera eta nor garen eta gure ingurunearekin nola erlazionatzen garen hausnartzera gonbidatzen gaitu" ziklo honek.