Jon Agirre: "Zaletuek zure izenarekin animatzen zaituzten momentu hori da politena"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 12a, 10:54
(Kern Pharma)

Larunbatean amaitu zen Euskal Herriko Itzulia txirrindularitza proba Eibarko (Gipuzkoa) Arrate santutegian. Arroako Jon Agirrek 55. gurutzatu zuen helmuga seigarren etapa hartan, baina Itzuliko sailkapen orokorrean 43. postuan geratu zen. Ez da marka makala, Itzulian parte hartu duten lehen aldia izan baita Agirrerentzat eta Kern Pharma talde osoarentzat. Lorpenarekin gustura, atseden egunetan da orain txirrindulari gaztea.

Sailkapen orokorrean 43. postuan amaitu duzu Itzulia. Lorpen handia izan al da?

Bai. Itzulia bukatze hutsa lorpen handia da, eta postu horretan amaitzea oraindik eta gehiago.

Zer helburu zenuen hasi aurretik?

Kern Pharma taldeak Itzulian parte hartzen zuen lehen aldia zen, beraz, mailota erakusteko intentzioarekin atera ginen gehien bat. Baita ahalik eta emaitzarik onenak lortzekoarekin ere. 

Bete dira helburuak?

Bai. Mailota telebistan azaldu zen eta taldea gustura gelditu da.

Beste lehien aldean, berezia al da Itzulia?

Bai, ilusio berezia egiten zidan. Txikitatik parte hartu nahi nuen lasterketa horretan. Urduri ez naiz jartzen normalean eta honetan ere ez, baina ilusio handia egiten zidan.

Nolakoa izan da itzulia etapaz etapa?

Lehen egunean erlojuaren aurkako etapa geneukan. Hor bagenekien ezer askorik egiterik ez genuela edukiko, orduan, eguna ahalik eta ondoen pasatzen saiatu ginen. Bigarren egunean eguraldi txarra egin zuen eta egun hori nahikoa txukun pasatu genuen. Hirugarrena ere ondo bukatu genuen, eroriko bat egon zen eta zortzi kilometrorern faltan harrapatu gintuen, beraz, ezin izan genuen nahi bezala iritsi, baina ordura arte onenekin batera gindoazen. Laugarren etapan, Hondarribian bukatu genuenean, azken mendatera arte onenekin iritsi ginen 40ko taldean. Bosgarren egunean tropelean iritsi ginen azken esprinean, eta ni ere tropelarekin sartu nintzen helmugara. Azken etapan, berriz, ahal bezala iritsi ginen helmugara; motzena zen, baina, aldi berean, gogorrena ere bai.

Zure ezaugarriengatik, azken etapa izan zitekeen egokiena zuretzat. Hala izan al zen?

Bai, azkenengoa eta Hondarribian bukatu zena ziren mendate gehien zituztenak.

Zeintzuk izan ziren aurreko asteko momenturik gogorrenak?

Gogorrena laugarren etapa izan zen, lehen bi orduetan 50 kilometro orduko batazbesteko abiaduran joan baikinen. Oso azkar joan ginen egun osoan eta oso etapa luzea zen, 150 kilometrokoa. Hor sufritu nuen gehien. Atzo, berriz, [larunbatean] lehen mendatea oso-oso gogor igo genuen. Gogorrenak atzokoa eta laugarren etapa izan ziren.

Eta momenturik politenak?

Politena da zaletuek zure izenarekin animatzen zaituzten momentu hori. Gero, Zumaiatik pasatu ginenean han zegoen jendearen animoak jasotzea ere ederra izan zen. Horixe izan zen politena.

Itzulia pasata, zer erronka berri dituzue orain taldean?

Orain egun batzuetako atsedena izango dugu, eta gero Asturiasko Itzulian aterako gara hilaren bukaeran. Hiru eguneko itzulia izango da. Itzuliaz aparte, ilusio berezia egiten dit Donostiako Klasikak ere. Uztailaren amaieran izaten da hori, San Inazio Egunaren bueltan, eta etxe paretik pasatuko gara hor berriz ere; hori berezia izaten da.