Arritxu Iribar: "Ikaragarria da Jon Agirre 50 onenen artean egotea Itzulian"

Onintza Lete Arrieta 2021ko api. 9a, 10:50
Jon Agirre, Karma taldearekin lehian artxiboko irudian

Atzo jokatu zen Euskal Herriko Itzuliaren laugarren etapa, eta Arroako txirrindulariak "kristoren etapa" egin zuela azaldu du Itzulia bertatik bertara jarraitzen ari den kirol kazetariak. Gaur Zumaiatik pasako da lasterketa, baina Agirrerentzat "ez da egokia gaurkoa, bai biharkoa, ordea". Hain zuzen, bihar amaituko da aurtengo txirrindularitza proba, Arraten.

"Atzo etapa bikaina" egin zuen Jon Agirrek arroarrak, Arritxu Iribar kirol kazetariaren esanetan. Itzulia bertatik bertara ari da jarraitzen Iribar, eta Agirre hain gertukoa izanda, Itzuliko etapa guztietan egindako lana baloratu du.

"Aurreneko etapa, erlojuaren kontrakoa, ez zuen ondo egin, baina bere ezaugarriengatik, normala da. Beste etapak, hainbestean; eta atzo, oso txukun", laburbildu du.

Laugarren etapa zen atzokoa, eta atzoko lanaren ondorioz, sailkapen nagusian 47. postuan dago Agirre. "Kristorena da hori. Izan ere, atzoko etapa oso-oso gogorra izan zen. Batez ere, abiaduragatik; pentsa, aurreneko ordubetean 51 kilometro egin zituzten txirrindulariek. Ikaragarria da hori". Mendia etapa bukaeran zegoen, eta ez zuen lortu aurreneko multzoan helmugaratzea, baina bai erdikoan, "oso-oso ondo".

Gaur bosgarren etapa jokatuko da, Hondarribia eta Ondarroa artean (160 kilometro), eta Getaria aldetik iritsiko dira txirrindulariak Zumaiara, gero Debara jarraitzeko Itziartik barrena. Iribarren esanetan, gaurkoa ez da etapa egokia Agirrerentzat, "sprintean amaitzeko dagoen etapa bakarra delako, zailtasunez errazena da, baina sprinterrentzat modukoa da, eta Jon zerbait baldin bada da igotzailea".

Azken etapa, berriz, pare-parekoa izango du Agirrek, Ondarroatik Arraterakoa. "Etapa  menditsua da, eta ingurua oso ondo ezagutzen du. Ea zer egiten duen". Dena den, Iribarrek gogorarazi du Agirreren taldea ez dela goi mailakoa, eta beraz, 50 onenen artean ibiltzea "kristorena" dela.