"Mundu justuago bat lortu nahi badugu, ez dugu errepikatu behar ohiko eredu handi-ustekoa"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 7a, 10:44
(Euskarabildua)

Inperialismoak eta kolonialismoak euskal jendartean duten lekuaz eta eraginaz ariko da Axier Lopez gaur, Oxford aretoan eskainiko duen hitzaldian. 'Ez naiz kolonialista baina...' izenburupean, Elkanoren mundu biraren bosgarren mendeurrena izango du ardatz.

Gaur egun Zumaian bizi bada ere, Barakaldoko (Bizkaia) Juan Sebastian Elkano kalekoa da izatez Axier Lopez kazetaria. Betidanik izan du gertu Elkanoren figura beraz, baina ez zuen haren istorioa zehatz-mehatz ezagutu Urola Kostara bizitzera etorri zen arte. Hona etorri zenean asko harritu zuen inguruotan, batez ere Getarian, Elkanok zeukan pisuak eta presentziak.

Urteotan, 2019-2022 bitartean, bost mende bete dira Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zionetik, eta hori ospatzeko hamaika ekitaldi antolatzen ari dira Getariako, Eusko Jaurlaritzako nahiz Espainiako agintariak. Urteurrena baliatuta, mundu bira horren ikuspegiari buelta eman, eta historiaren beste irakurketa bat azalera atera nahian hasi zen herritar talde bat 2019an. Elkanori Bira plataforma sortu zuten manifestu baten bueltan eta, beraien arabera, "historiaren funtsa ez da inoiz balentria handien kontakizunak gogoratzea izango, eztabaidarako eta jakintzarako tresna izan behar du”.

Lopez ere plataformako kide da, eta urteurren hori izango du ardatz gaur 18:30etik aurrera Oxford aretoan eskainiko duen Ez naiz kolonialista baina... hitzaldian. Izenburua bera "probokazioa" dela azaldu du kazetariak. "Esaldi hori bera kolonialistaren ordez xenofobo edo matxista hitzak erabilita askotan entzun izan dugu", eta dekolonitatearen gaiarekin ere gure burua "ispiluaren aurrean" jartzera bultzatzeko gomita dela dio. Izan ere, Lopezen aburuz kolonialistak eta esklabistak "Espainiarekin eta Frantziarekin" lotzen ditu euskaldun askok, "baina inperio horien eraikuntzan hemen ere parte zuzena izan zuten pertsona ugari egon ziren, eta, besteak beste, horren erakusgarri da egun espazio publikoan egiten zaien aitortza". Lopezen arabera horrek frogatzen du sarri "gure zilborrari begira" bizi garela oraindik ere, eta gisa horretako erreferenteak, kolonialismoarekin estuki lotutako gizon europar zuriak, goraipatzeak are gehiago zapaltzen dituela lehen bezala orain ere baztertutako kolektiboak eta haien bizipenak; "esaterako, emakumeak eta jatorrizko herrialdeak". 


Historiaren jabetza

Honakoa irakur daiteke hitzaldia iragartzeko kartelean: "'Gure' esklabista eta inperialistez". "Gure" hitza inguratzen duten komatxoez galdetuta, historiaren jabetzaz mintzatu da Lopez. Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiak behin egindako adierazpenak aipatu ditu: "Elkanoren balentriak gipuzkoar balioak erakusten dizkigu: umiltasuna, ausardia, talentua, mundura zabalik lan eta bizitzea”. Lopezek argi utzi nahi izan du halako “orokortze antzuen” aurka dagoela, “gaur egungo interes politiko eta ekonomiko jakin batzuen mesedetan Elkano euskaldunon enbaxadore bilakatu nahi dute”. "Euskaldun gutxi batzuk izan ziren Espainiako inperioa hedatzeko espedizio armatuetan parte hartu zutenak", dio kazetariak. Horregatik guztiagatik, berriro azpimarratu du Elkano bezalako pertsonak erreferentetzat hartzean atzean uzten dela gizartearen zati handi baten historia. "Herri guztiek sortzen dituzte beren heroiak, mitoak", dio Lopezek; "baina mundu justuago bat lortu nahi badugu, tentuz aukeratu edo sortu behar ditugu erreferenteak, eta ez errepikatu ohiko eredu handi-ustekoa". Hala zehazten dute manifestuan ere: “irabazleek idatzitako historia gaur modu akritikoan aldarrikatzeak iraganeko akatsak errepikatzera garamatza”.

Historia beti da korapilatsu samarra, eta kontaketan aldaketa asko egon daiteke narratzailea aldatzen bada. Fernando Magallaes portugaldarrak gidatuta, izatez "espezieen uharteetara" egin beharreko espedizio hura oso bestela oroitzen dute Filipinetan, Zumaiako bizilagunak azaldu duenez. Bere arabera, han ere egiten dituzte Elkanoren iritsiera oroitzeko ekitaldiak, baina han inperialista europarrak irudikatzen dituzte, haien aurkako erresistentzia oroitzen dute.


Izendapena eta interesak

Elkanoren mundu biraren bueltako ekitaldiak sustatzen dihardutenek historia "beren mesedetara kontatzen" dutela ere azaldu du Lopezek. "Espainiako Gobernuak argi dio Elkanorena Espainiako Armadaren inoizko balentriarik handiena izan zela. Hemengo agintariek, berriz, Espainiako inperialismoa ezabatzen dute diskurtsotik, zati hori hemen
ez da hain salgarria".

Izan ere, Lopezen aburuz, politikariek erabili nahi izan dute duela bost mendeko gertaera hura “saltzeko” euskaldunen izaeran badela “mundura hedatzeko gose” hori, sarri lotura zuzenak eginez munduan barrena aritzen diren enpresekin. Ikuspegi eurozentristen gainetik, dekolonialismoak daukan garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta nabarmendu du gai hori "benetan abordatu"; duen bakarra mugimendu feminista izan dela.

Azken bi urteotan hamaika hitzaldi eman ditu Lopezek gai beraren bueltan, tartean Azpeitian, Getarian eta Zestoan. Getariko kasuan azaldu du hitzaldiak ordubete inguru iraun zuela, eta hiru orduz luzatu zela ondorengo eztabaida, duela 500 urte “pertsona baten inguruan sortutako mitoak gaur egun duen eraginaren erakusle”.

2022an beteko dira 500 urte Victoria ontzia Cadizen lehorreratu zenetik munduari bira eman ostean, eta ordura arte iraungo dute bosgarren mendeurreneko ekitaldiek. Bien bitartean, diskurtso kolonialista deseraikitzen jarraituko dute Lopezek eta Elkano Bira plataformako beste kideek. Ez dute erronka makala aurretik, baina manifestuan zehazten duten moduan, “zapaltzailerik eta zapaldurik gabeko etorkizunari ateak ireki” nahi dizkiote, eta horren alde lanean jarraituko dute.